Partzuergoaren aldaketa eskatu dute "uraren kudeaketa gardena" egiteko
Eskualdeko ur baliabideeen “kudeaketa gardena eta demokratikoa” egiteko asmoagaz, Busturialdeko Ezker Abertzaleak Ur Partzuergoaren “ezinbesteko” aldaketa aldarrikatu du. Atzo egindako prentsaurrekoan azaldu zutenez, “guztiona den uraren kudeaketa ona eta zuzena egitea lehentasuna da”. Azken urteetan EAJk gidatutako Busturialdeko Ur Partzuergoa (BUP), “txiringito” bat bihurtu dela salatu zuten eta aldaketaren bidean jartzea “beharrezko” ikusten dute. Horregatik, partzuergoa “denon artean” kudeatzeko “eskaintza zintzoa” egin die gainontzeko indar politikoei.
Ezker abertzaleko ordezkarien hitzetan, “gure salaketak berresten dituzten zenbait gertakari larri bizi izan ditugu legengintzaldi bukaera honetan”. Horien artean, partzuergoko kudeatzailearen aukeraketa prozesuan izandako irregulartasunak azpimarratu zituzten.
2010eko amaieran kudeatzaile berria kontratatzeko prozedura martxan jarri zenean, Ezker Abertzaleak zenbait irizpide kontuan hartzea eskatu zuen. “Kudeatzaileak eskualdeko ur baliabideen inguruko ezagutza izatea eta antzeko lanpostuetan esperientzia izatea, hautaketa prozesuan partzuergoko ordezkari ezberdinek parte-hartzea eta erabakia Partzuergoaren Asanbladak hartzea” izan ziren proposatu zituzten irizpideak.
Orain dela aste bi izan zuten Batzorde exekutiboan, halanda be, “zur eta lur” geratu ziren hasierako hautaketaren emaitzak ezagutu zituztenean. Aurkeztu ziren 176 pertsonetatik, “hiru” gelditu dira eta horietako bi, “EAJko militante esanguratsuak” dira. “EAJren eneagarren kutunkeria kasuaren aurrean gaude”.
Jakinarazi zutenez, “azalpenak” eskatu dituzte eta asanbladak zein herritarrek “gertakariaren berri” izan behar dutela uste dute. Horrela, kudeatzailearen aukeraketa prozesua “hasieratik” hastea eta kontratazio “prozedura berria” egitea exijitu zuten.
Lehenengo momentuan, asanbladak kudeatzaile berria aukeratzeko “eskumenik ez” duela esan zuten Ur Partzuergoko arduradunek. Halanda be, atzo prentsaurrekoa egin baino lehen, Partzuergoko idazkariak “oker” zegoela baieztatu zien Ezker Abertzaleko kideei. “Asanbladak” hartu behar du erabakia.
Kritika gehiago
Kudeatzaile berria aukeratzeko prozezsan izan diren irregulartasunez gain, Ezker Abertzaleak Partzuergoko kudeaketaren beste hiru puntu kritikatu zituen.
Alde batetik, ur baliabideen erabilera okerra salatu zuten. “Busturialdeko ur edangarriaren %40 bidean galtzen da”. Ezker Abertzaleko kideen ustetan, “konponbidea” aurkitzea ezinbestekoa da eta arazoa konpontzeko neurririk hartu ez izana kritikatu zuten.
Partzuergoaren kudeaketari egindako beste kritika bat gardentasun eza izan zen. Ezker Abertzaleak, adibidez, behin eta bariro salatu du Partzuergoaren egoera ekonomikoaren berririk ez duela. “Lehen zerbitzu defizitarioa izanik, nola liteke tasen jeitsieragaz kontuak orekatzea orain?” galdetu zuten. Hauteskundeei begira hartu zuten erabakia izan zela uste dute.
Amaitzeko, saneamendu kolektorearen obren atzerapena eta gainkostua kritikatu zituzten. Hasieran 35 milioi euroko aurrekontua zuen kolektoreak, baina denborarekin “bikoiztu” egin da kopuru hori. Horregatik, kudeatzaileen aurreikuspen falta salatu zuen Ezker Abertzaleak. “Saneamendu kolektorearen kostua egunetik egunera handitzen doan heinean, Ajangizko eta Kortezubiko saneamendu obrak egiteko dirurik ez dagoela esaten dute”.