Sukarrieta Lamiarango Hondakin Uren Araztegiagaz (HUA) lotzeko tunel hidraulikoa egiteko lanak amaituta, azpiegitura barriaren inguruko xehetasunak emon ditu Busturialdeko Ur Partzuergoak. 2.600 metroko luzera eta lau metroko diametroa daukan tunel horrek egunean araztegira 17.000 m3 hondakin ur eroango dituela azaldu dute BUPeko arduradunek; urtean 6 milioi m3, hain zuzen be.
Urdaibaiko Saneamendu Plan Orokorraren baitako proiektua da tunel hidraulikoarena. 1984an hasi ziren proiektua idazten, baina, administrazio prozesu luze baten ondoren, 2009ko abenduan hasi zituzten lanak eta aurtengo otsailean amaitu. Tunelari esker, «inguruaren orografia konplikatua saihestu eta ingurumen-inpaktua gutxituko» dela dio BUPek.
Metro bateko altuera eta metro bateko zabalera eta 0,0025ko aldapa duen barneko ubide erdizirkularra dauka azpiegiturak. Hortaz, Sukarrietako ponpaketa zentrotik hondakin urek maldan gorako bidea egingo dute. Ubidearen gainean plataforma bat dago, egokitutako auto bati sarrera errezteko, garbiketa eta mantenu lanak egite aldera. Muxikako, Arratzuko, Kortezubiko, Gautegiz Arteagako, Gernika-Lumoko, Foruko, Muruetako, Busturiako eta Sukarrietako hondakin urak hartzeko hodi nagusi bat izango du.
«Denon onurarako»
Busturialdeko Ur Partzuergoko ingeniari eta tunela egiteko lanen zuzendariaren berbatan, «indusketa lanak bukatu izana, duda barik, une garrantzitsua da Urdaibaiko Saneamendu Plana aurrera eroateko ekintzen garapenean». Izan be, haren iritziz, «ingurumenean gutxieneko kaltea eranginda» egin dute konexio hidraulikoa. «Gainera, ingurumenari kalterik ez egiteko, lanak izan diren bitartean jarraipen eta zaintza programa zorrotz bat eduki dugu».
Busturialdeko Ur Partzuergoko Presidente Igor Duñabeitiaren esanetan, bestetik, «denon onurarako» da aurkeztu barri duten azpiegitura.