Urdaibaiko kostaldea “modu jasangarrian” ikusteko ekimena aurkeztu du gaur Eusko Jaurlaritzako Garraio Zuzendari Mikel Diezek. Hala, Euskotren zerbitzua bultzatu gura dute, “Urdaibai Trenez” ekimenaren bitartez.
Turismoa trenez egitea erakargarria izan daitekeela erakutsi gura du horrela Garraio Zuzendaritzak, eta Urdaibai zeharkatzen duen linearen informazioa jasotzen duen eskuorriak atera ditu. Horiek banatzen izan da gaur eguerdian Mikel Diez Garraio Zuzendaria, Gernika-Lumoko tren geltokian. Azaldu duenez, “garraiobide jasangarriaren aldeko apustua egin gura dugum ingurumenarekiko horren kaltegarria ez denaren aldekoa”. Eskuorri horiek, gainera, eskaera egiten duten udaletan, turismo bulegoetan eta ostalaritzan izango dira eskuaragarri. 20.000 eskuorri atera dituzte, bai Urdaibaiko trenbide sarearen zein Gipuzkoako kostaldeko trenbide sarearen informazioa jasoz.
Tren berriak
Turismoa sustatzeaz gain, zerbitzua hobetzea ere badu helburu Eusko Jaurlaritzako Garraio sailak. Hala, tren berriak “laster martxan” izango direla zehaztu du gaur Diezek, “Gipuzkoan espero dugu ekainerako erabilgarri egotea, eta Urdaibaira urte bukaera edo 2012. urteko hasieran helduko lirateke tren berri horiek”. Teknologia berriak baliatuz, kalitatea eta irisgarritasuna hobetu gura du Euskotrenek.
Era berean, trenbide sarea zabalduko dutela jakinarazi dute gaurko aurkezpenean, geltoki berriak eraikitzeaz gain. “Zerbitzu handiagoa ematea da asmoa, jendeak autoa hartu beharrean trena erabiltzen ohitutzeko”.