Hainbat urtetan erabili barik egon eta gero, berriztu ostean, erabiltzeko prest da jada Bermeoko Itxasgane futbol zelaiko instalazioetan futbol 7ra jokatzea ahalbidetzen duen Talape zelaia. Zapatuan egin zuten inaugurazio ekitaldia eta benjaminen kateg...
Hainbat urtetan erabili barik egon eta gero, berriztu ostean, erabiltzeko prest da jada Bermeoko Itxasgane futbol zelaiko instalazioetan futbol 7ra jokatzea ahalbidetzen duen Talape zelaia. Zapatuan egin zuten inaugurazio ekitaldia eta benjaminen kategoriako umeek zelaia estreinatzeko aukera izan zuten, ligako partida bertan jokatu baitzuten.
30x57ko neurria du Talape zelaiak. Lehen utzita zegoen zelaiari zazpi metro emon dizkiote, alboan zuen hormigoizko zatia aprobetxatuz. Repsol enpresaren diru-laguntzari esker egindako lanak izan direla azaldu du Julen Abaroa Bermeo Futbol taldeko presidenteak. Aurten, hortaz, laguntza horregaz, futbol zelai hori martxan ipintzeaz gain, zelaia inguratzen duen itxitura metalikoa be barriztu dutela jakinarazi du Abaroak. 60.000 euro behar izan dituzte lanok egiteko.
Zelai horrek, Abaroak azaldu legez, «askatasuna emongo digu entrenamenduak zabalago egin ahal izateko, eta baita be, asteburuetako partidak hobeto antolatzeko». Gauzak horrela, datorren urtera begira benjaminen talde bi ateratzea posible litzatekeela zehaztu du. Halanda guztiz be, hori oraindik zehazteke dagoela gaineratu du.
Zapatuan inauguratu zuten
Talape zelaiaren inaugurazio ekitaldia zapatuan egin zuten. Bertara arte hurbildu ziren Bermeoko Udaleko ordezkariak eta baita Repsol enpresakoak be. Bertaratutakoek azken urteetan Itxasganen egin dituzten berritasunak zuzenean ikusteko aukera izan zuten. Gainera, ohorezko sakea be egin zuten. Ondoren, benjaminak izan ziren zelaia estreinatu zutenak, bertan jokatu baitzuten ligako partida.