Euskarazko hedabideen historia jarraitu duenak badaki azken 30 urteetako abaroan egin dela biderik emankorrena. Eta badaki denbora horretan emandako aurrerapausoa itzela dela. Gaur egun 400.000tik gora biztanlek kontsumitzen dituzte euskarazko hedabideak, 2008ko Eusko Jaurlaritzaren ikerketa baten arabera.
Komunikazioa da gure ardatza, inguratzen gaituen mundua nola ikusten dugun kontatzea, ikusmolde eta euskarri anitzez. Elkarren lehian eta elkarren osagarri. Hori da lokaletik globalera egiten dugun ekarpen nagusia, hizkuntza, euskaraz egiten duguna. Harro gaude egindako bide horrekin, pozik egiten dugunarekin, euskal kulturaren isla eta hauspo gara, eta gure euskaltasunetik munduaren ikuskera ugari eskaintzen ditugu. Albiste eta informazioaren haritik, entretenimendutik, gertukotik, sakonetik, zientziatik…
Baina ez da nahikoa, ibilbide horretan sakondu behar dugu, orain artekoa hobetuz eta zabalduz. Hiztun komunitateak bere burua euskaraz islatua ikusteko eskubideaz ari gara, beharraz, nahiaz. Edozelako gizarte modernoren orainean, edozein kulturaren geroan, giltzarri da hedabideen zeregina. Ez da hori ukatuko duenik, eta hala ebazten da behin eta berriz erakunde publiko eta alderdi politiko gehienen euskarari buruzko gogoeta eta plan estrategikoetan. Printzipio eta helburuetan letra larriz aitortzen dute garrantzi hori, baina sostengu ekonomikoan ez, ez behintzat publikoak ez diren hedabideei dagokienez.
Jakina da EAEn, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian oso egoera desberdinak bizi direla: Nafarroan eta Iparraldean erakundeen sostengua hutsala da; EAEn oso bestelakoa da, baina ez da nahikoa, aurrean ditugun erronkei begira eusteko adinakoa ez bederen.
Euskarazko hedabideok ohituta gaude zailtasunean jarduten, gure hizkuntzaren izaera ez-normalizatuak horretara bultzatzen gaitu, eta agian horrek ere laguntzen digu bizi dugun krisiari aurre egiten. Baina egoera gorria da, eta, hainbatetan, larria. Hedabide ugari ari dira ixten munduan, hedabide historikoak, ospetsuak, gureen aldean handi eta indartsuak… Eta guk ere enbataren erdian dihardugu. Publizitatea behera, salmentak ere bai, diru laguntzak urritzeko joeran… Noiz arte eutsi ahal izango diogu?
Bankuen, autoen, altzari eta etxetresna elektrikoen salbamendu garaian, guk ere sostengu sendoagoa aldarrikatzen dugu. Maiz aurpegiratu zaigu diru publikotik bizi garela, bai euskal kultura, bai euskarazko hedabideak, konplexua sortzeraino ere bai agian. Orain, ostera, inoiz baino argiago ikusten da nola giltzarritzat jotzen diren esparru eta proiektuetan erakunde publikoek dirutzak bideratzen dituzten, izan horiek eremu publiko edo pribatukoak.
Eta ekonomikoki ere sektore garrantzitsua da publikoak ez diren euskarazko hedabideena: 600 langiletik gora ari gara bertan, hilero soldata etxera eramanez eta euskal gizartearen aberastasunean gure alea jarriz.
Azken 30 urteetan ibilbide oparoa egin dugu, baina bada ordua beste jauzi bat emateko. Gure konpromisoa hemen dago, egunerokoan ikusgai. Eta instituzioen konpromiso sendoagoa ere egunerokoan ikusi nahi dugu. Herri erakunde publikoen sostengu eta babes handiagoa aldarrikatzera gatoz.
Gure gizartearen garapena ezin delako porlanaren eta azpiegitura handien garapenari lotu. Adibidez,
Euskal Y tren proiektuaren kilometro bakar batek erakunde publikoetatik publikoak ez diren euskarazko hedabide guztietara lau urtean bideratzen dena balio du. Errepide, trenbide edo eraikuntza handien zati txiki batek gure etorkizuna berma dezake. Euskarazko komunikazioak merezi du tamainako apustua, eta euskal kulturak ere bai.
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza eta ondorengo komunikabideek sinatutako editoriala: Berria, Arabako Hitza, Bizkaiko Hitza, Gipuzkoako Hitza, Ipar Euskal Herriko Hitza, Nafarroako Hitza, Goierriko Hitza, Irutxuloko Hitza, Lea-Artibai, Mutriku eta Busuturialdeko Hitza, Oarso Bidasoako Hitza, Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza, Urola Kostako Hitza, Nora, Irria, BidasoaMedia, Antxeta Irratia, pauusuirratia.net, ZuZeu.com, www.kazeta.info, Aiurri, Argia, Irulegiko Irratia, Gure Irratia, Xiberoko Botza, Hala Bedi Irratia, Info 7, Koska Irratia, UKBerri.net, Jakin, Herria astekaria, Galtzaundi Euskara Taldea, Aizu!, NOAUA! Aldizkaria, Pil-pilean aldizkaria, Elhuyar, Uztarria komunikazio taldea, BERTON aldizkaria, PREST! Aldizkaria, Hala Bedi, Hernaniko Kronika, Gaztezulo, Mailope, Esan-erran irratia, Pulunpe aldizkaria, Txintxarri aldizkaria, Guaixe, Aldiri arkitektura, Uztaro giza eta gizarte zientzien aldizkaria, BERTSOLARI aldizkaria, Entzun!, Hik Hasi Euskal Heziketarako Aldizkaria, UK aldizkaria, Xorroxin Irratia, Nontzeberri, Ttipi-Ttapa aldizkaria, Goiena (net eta papera), Karkara taldea kultur elkartea, Sustatu.com, Zuhatza Berriketan, Bilbo Hiria Irratia, GAUR8, Gazteberri, ±18 Presta ezazu zure etorkizuna, …eta kitto! Astekaria, Bizkaie!, Anboto astekaria, GAUR8-GAUR.INFO-Zazpi haizetara