Hiruna delitu inputatu dizkiete pikete informatiboei
Gaur goizean epailearen aurrean deklaratu dute eguenean Ertzaintzak identifikatu zituen pikete informatiboek, eta hiruna delitu inputatu dizkiete. Hain zuzen, ebasketa delitua, kalte materialak eragitea eta langileen eskubideen aurkako delitua leporatz...
Gaur goizean epailearen aurrean deklaratu dute eguenean Ertzaintzak identifikatu zituen pikete informatiboek, eta hiruna delitu inputatu dizkiete. Hain zuzen, ebasketa delitua, kalte materialak eragitea eta langileen eskubideen aurkako delitua leporatzen diete. Gernika-Lumoko epaitegiaren aurrean gaur goizean eman duten prentsaurrekoan “Langileon eskubideak defensatzearren” epaituko dituztela salatu dute. “Pikete informatiboen arrazoia greba eskubidea bermatzea” zela azaldu dute, “herritarron protestatzeko eskubidea bermatzea”. Langileok grebarako duten eskubidea “gero eta mugatuago” dagoela kritikatu dute prentsaurrekoan, “prekarietateak greba eskubidea guztiz mugatzen duelako. Gero eta ebentual gehiago daude, soldatak gero eta baxuagoak dira eta zorpetze maila handiagoa”. Hala, protestarako “gero eta eskubide gutxiago” dagoela salatu dute.
Piketeen lana “informazioa ematea” bada ere, “kalera irten orduko eskolta polizialarekin mugitu behar” dutela salatu dute pikete lanetan ari ziren auzipetuek. “Beraien helburua pikete informatiboen lana gelditzea da, zapuztea, beti botere politikoen morroi izanik, greba mugatu nahi izaten dute eskolta polizialek”.
Gaur deklaratzera deitu dituzten lagunak “inolako azalpenik eman barik” atxikitu zituztela azaldu dute prentsaurrekoan. “Dokumentazioa eskatu ziguten, indarraren mehatxupean erretenitutaegon ginen ordubete baino gehiago eta, ondoren, azalpen larregi eman barik eta inolako salaketa konkretu barik zitazio bana eman ziguten gaur epaitegian aurkezteko”.