Bake Bidean, aterabide demokratikoen akordioa, edo Gernikako Akordioa Bermeon gizarteratu asmoz, barikuan, 19:00etan, Bermeoko Kafe Antzokian ekitaldi bat antolatu dute. Bertan, herriko hainbat taldek euspena emango diote akordioari.
Eusko Alkartasuna...

Eusko Alkartasuna (EA), ezker abertzalea, Aralar eta Independista sarea dira hasieratik herrian akordioa bultzatu dutenak. Akordioa gizarteratzeko konpromisoa hartuta, herriko kultura eta gizarte talde guztiekin bildu ziren joan den astean. Guztira, 22 taldetako ordezkariak hurbildu zirela azaldu du Juan Karlos Goienetxea Bermeoko EAko bozeramaileak. Horiek guztiak barikuan Kafe Antzokira hurbilduko direla azaldu du Gernikako akordioari euspena emoteko. «Talde legez edo pertsona modura» euspena emon daitekeela azaldu du, gainera, Goienetxeak.
«Talde danakaz harremanetan ipintzen saiatu gara. Halandabe, baten bat ahaztuta utzi badugu barikuko ekitaldira hurbildu daiteke, euspena emon gura badu», esan du Alex Latxaga Bermeoko Aralarreko kideak.
Akordioaren irakurketa
Gernikan sinatu zen akordioa irakurtzeaz gain, ohorezko aurreskua dantzatu eta bertsoak botako dituzte barikuan Kafe Antzokian egingo duten ekitaldi horretan. Ondoren, taldeen eta norbanakoen txanda izango da, eta beraien euspena sinatzeko aukera izango dute.