Juan Pablo Dieguez Bermeoko bizilaguna joan den eguenean behin-behinean eta baldintzapean libre utzi zuten arren, harek bizi duen egoera salatu gura dute Bermeoko Askatasunako kideak, «izan be, kontrolpean daukate denpora guztian, inolako askatasun ba...
Juan Pablo Dieguez Bermeoko bizilaguna joan den eguenean behin-behinean eta baldintzapean libre utzi zuten arren, harek bizi duen egoera salatu gura dute Bermeoko Askatasunako kideak, «izan be, kontrolpean daukate denpora guztian, inolako askatasun baimenik gabe».
100.2 artikulua ezarrita etxeratu zuten Dieguez joan den astean. Orain, Bilbon duen bizilekuan kontrolpean daukate, eta bere gaixotasuna sendatzeko geratzen zaizkion 28 erradioterapia saioak jasotzera Basurtoko ospitalera joan beharko du.
«Erabat kontrolpean» dutelako kexu dira Askatasunakoak. «Pultsera telematikoa ezarri diote eta soinean eroan behar du. Gainera, etxetik ateratzeko baimena goizez bakarrik du 10:00etatik 15:00etara, hain zuzen be». Gainontzeko orduetan etxean egotera derrigortu dutela zehaztu dute. Bestalde, «guzti hori gutxi balitz, astero kartzelara joan beharko du sinatzera».
Egoera hori salatu gura dute Bermeoko Askatasunakoek. Horien esanetan, «Dieguez era horretan izanik, kartzelak diru asko aurrezten du, baita buruhauste asko kendu be, ez dutelako egunero kartzelatik ospitalera eroan beharko».
Lagunekin Bermeon
Dieguez Bermeon izan zen zapatu goizean. Izan be, lagun arteko ongi etorria egin zioten. Halanda be, «benetako ongi etorria erabateko askatasuna lortzen» duenean egingo diotela zehaztu dute, «orduan kenduko du argazkia be», jakinarazi dute.