Domekarako antolatu dute VII. herri lasterketa
Bermeoko VII. Herri Lasterketa antolatu du datorren domekarako Udalaren Kirol Patronatuak, Taraska Atletismo Taldearekin batera. Zazpigarren urtez egingo dute, beraz, lasterketa hori herriko kaleetan zehar.
Lasterketaren helburuak
Bermeoko herri lasterketak hainbat helburu ditula zehaztu dute antolatzaileek. Batetik, «herritarrak kirol jardueraz sentsibilizatzea eta osasunaren eta kirolaren arteko harreman estua azaltzea». Bestalde, «kirola Bermeoko kaleetan zehar ikustea eta, batez ere, sentitzea» lortu gura dute. Horrez gain, antolatzaileen arabera, «kirol desberdinak herritarrei hurbildu» gura dizkiete, «konpetizioaren ezaugarria herri lasterketaren ezaugarriekin ordezkatuta». Bestalde, «ekintza herrikoiak bultzatu» gura dituzte.
Beste alde batetik, «kirola federatuen gauza bakarrik ez» dela zabaldu gura dute. Asmoa «denek» parte hartu dezaketela erakustea da. Azkenik, herri lasterketak aurreko urteetan izan duen erantzuna zelakoa izan den kontuan izanik, «aurreko urteetako lasterketei jarraipena» emon gura izan die.
Aurretiaz izena ematea eskertzen dute
Lasterketan parte hartu guraduenak izena eman beharko du. Horretarako, Araneko kiroldegira jo beharko du interesa duenak. Lasterketa egunean bertan ere badago izena emateko aukera. Antolatzaileek, halanda be, egun horretako lana erraztu asmoz, aurretiaz izena ematea eskertuko dutela jakinarazi dute.
Izena ematerako orduan, umeek, txikiek eta gazteek euro bat ordaindu beharko dute. Nagusiek, berriz, bi euro.
Ohi legez, izena ematerako orduan korrikalari bakoitzari dortsala emango diote, lasterketaren egunean eroan beharrekoa, hain zuzen. Umeek, txikiek eta gazteek, aldiz, ikastetxeetan hartuko dituzte.
Lasterketa amaitzerakoan, parte-hartzaile guztiek Araneko kiroldegian dutxa hartzeko aukera izango dute. Horrez gain, parte-hartzaileei janaria eta edaria eta opari bat banatuko dizkietela adierazi dute antolatzaileek. Nagusienek, gainera, ura edateko aukera izango dute lasterketan zehar, horretarako ipiniko duten gune batean.
Herri Lasterketan ateratzen duten dirua minbizia duten umeen gurasoen elkarte Aspanovasi emango diote.