“Espainiak inposatzen dizkigun neurri guzti hauen aurrean, inoiz baino ozenkiago aldarrikatu nahi dugu, Euskal Herriko gizon eta emakumeok geure politika ekonomikoa. laborala eta soziala erabakitzea urgentziazko beharrizana bihurtu” dela esan du Busturialdeko ezker abertzaleak gaur, Juntetxearen aurrean eman duen prentsaurrekoan. Euskal herritarrok gure lan harremanak, zerbitzu publikoak, gizarte segurantza eta pentsio sistema propioak behar ditugula esan dute. “Herritarren mesedetan egongo diren politika sozialak bermatzeko” eta aldaketa soziala emateko “gure etorkizuna herri bezala erabakitzeko askatasuna behar” dugula azpimarratu du ezker abertzaleak. “Orain, inoiz baino gehiago, independentzia behar dugu, gure herrian aldaketa soziala gauzatzeko, ekonomia herritarren mesedetan jartzeko, eta ez alderantziz”.
“Eredu ekonomikoa inposatu”
Izan ere, Espainiak aurreratu dituen pentsioen erreformarekin PSOEk, PPk eta EAJk “euren eredu ekonomikoa inposatu gura” digutela uste du ezker abertzaleak. “Krisi ekonomikoaz baliatzen ari dira langileon aurkako neurri basati eta lotsagarriak adosteko eta onartzeko”. Euren ereduari jarraituz gero, zerbitzu publikoen murrizketan “urrats berria” emango dutela dio ezker abertzaleak, “pentsioen sistema pribatizatuz bankaren eta boterearen mesedera”.
Greba orokorerrako deialdia
2008 eta 2010 urteen artean Busturialdean mila lanpostu galdu direla gogorarazi dute, “hainbat langile kaleratu dituzte, eta enpresek EREak egin dituzte”. Abagune horretan, urtarrilaren 27rako euskal gehiengo sindikalak deitu duen greba orokorrera deitu dituzte herritar guztiak.