Inamako enpresa komiteak, neurriak hartzeko eskatu die Bizkaiko Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta Inama S.A. enpresari langileek beraien lanpostuak ez galtzeko. David Palacios enpresa komiteko bozeramaileak jakinarazi duenez, “oso kezkatuta gaude”. Irtenbidea aurkitzeko epea “amaitzen” ari dela uste dute beharginek.
Gauzak horrela, arazoaren parte diren hiru alderdiak “lehenbailehen adostasun batera” heltzea eskatu du Palaciosek. Beharginen bozeramaileak azpimarratu duenez, “orain arteko bileretan, laguntzeko prest daudela esan dute Aldundiak zein Jaurlaritzak, baina ez dugu ezer sinatu eta normala da kezkatuta egotea”.
Enpresa komiteko ordezkariak, Xabier Garmendia Eusko Jaurlaritzako Industria eta Energia sailburuordearen deia jaso dutela eta bilera egingo dutela azaldu du. “Bilera horretan, Jaurlaritzako Ingurumen sailak, Inamako arduradunak eta enpresako langileen ordezkariek parte hartuko dute”.
Palaciosek, ezinbesteko ikusten du “akordio batera heltzea” eta datozen egunetan izango den bilera horretan akordioa sinatzeko “baldintzak adostu” beharko lituzketela uste du. Argitu bezala, oraindik “ez dute zehaztu” noiz izango den bilera, baina “itxaropentsu” daude. Inama, ingurumen arazo batengatik zarratzen den lehenengo enpresa izatea “gogorra” izango litzatekela uste dute beharginek.
Enpresa zarratzeko arriskua
Eusko Jaurlaritzak Inamari Ingurumen Baimena Bateratua kendu zionean, enpresak helegitea jarri zuen erabakia behin behinean indargabetzeko eskatuz. Halan da be, iazko abenduaren 15ean, EAEko Auzitegi Gorenak atzera bota zuen enpresak jarritako helegitea eta momentu honetan Ingurumen Baimen Bateratu lortzeko “enpresaren eta Jaurlaritzaren” arteko akordioa ezinbesteko ikusten dute beharginek.
Sentetzia horren eraginez, Muxikako Udala martxoaren 4ean luzatu zuen jarduera lizentzia kentzera behartuta dago.
Palaciosek azaldu duenez, “epe laburrean, enpresa zarratzeko arriskua dago sententziak hori ahalbidetzen duelako”. Enpresak, bestalde, beste errekurtso bat jartzeko asmoa duela jakinarazi die langileei, baina horrek “arazoa atzeratzeko” baino ez du balio bozeramailearen ustez.
Beharginentzat, egoerari buelta emateko aukera dago, baina “borondatea” ezinbestekoa da. “Enpresarien utzikeriagatik eta Aldundiaren zein Jaurlaritzaren ekimen faltagatik” eskualdeko enpresa garrantzitsu bat “arriskuan” dagoela salatu dute.