Sixtoren euskal kapera ezagutarazi guran
Ibarrangeluko San Andres eliza Bizkaiko Ondare Historiko izendatu zuten 2006. urtean. Elizaren berezitasuna eraikinaren egurrezko ganga landua da, Euskal Herrian material horrekin egindako ganga bakarrenetarikoa dena. Antzina, Euskal Herriko itsasgizon...
Ibarrangeluko San Andres eliza Bizkaiko Ondare Historiko izendatu zuten 2006. urtean. Elizaren berezitasuna eraikinaren egurrezko ganga landua da, Euskal Herrian material horrekin egindako ganga bakarrenetarikoa dena. Antzina, Euskal Herriko itsasgizonek merkatal harremanak zituzten Herbereekin eta, harrizko ganga egitea garestiegia zenez eta Herbereetan ohikoak zirela eta, egurrezko ganga egitea pentsatu zuten. Gianluigi Colalucci Vatikanoko Sixtoren kapera zaharberritu zuen adituaren ustetan, “euskal arteak duen Sixtoren kapera da Ibarrangelukoa”.
Aurten, Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Ondarearen Europako jardunaldien baitan, bisita gidatua izan zen urriaren 23an San Andres elizara. Bisitak, gainera, “arrakasta” izan zuen, Jesus Mari Ziluaga Ibarrangeluko alkateak azaldu duenez. 200 pertsona inguru batu ziren Alberto Santana Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Historikoaren arduradunak elizari buruz eman zituen azalpenak entzuteko.
Hala, herrian duten “altxorra ezagutarazten jarraitu gura” dutela esan du Ziluagak. Ildo horretatik, urtean zehar be bisita gidatuak antolatu gura dituzte. Izan be, era horretako altxorra izateak herriaren “prestigioa handitzeko” balio duela eta Ibarrangelu “mapa kulturalean kokatzeko” aukera emango lukeela nabarmendu du Ziluagak.
Aldundiko Kultura arloko arduradunekin “oraindik berba egin behar” dutela zehaztu du alkateak, urriko bisita gidatuaren ostean “aldeko jarrera” erakutsi zutela gaineratuz. Ziluagaren esanetan, “Aldundiak laguntzerik ez badu, altxor hau ezagutarazteko zerbait pentsatu beharko dugu Udal mailan”.