Tratu txarren eta sexu erasoen biktima diren emakumeei “begizko prebentzioa, koordinazioa eta harrera zerbitzu integrala” eskaintzeko akordioa sinatu dute gaur eskualdeko hemezortzi udalerrik. Hain zuzen, indarkeriaren biktima diren emakumeei “erantzun aktiboa” ematea du helburu protokolo horrek. Horretarako, denok batera lan egitearen beharra azpimarratu du Morgako alkate Iñaki Uribek, eskualdeko herri txikien izenean. “Gaur egungo gizartearen gaitz honen aurrean ezinbestekoa da erakunde guztien parte-hartze aktiboa”, esan du Uribek, “izan ere, eskualdeko herriok ez dugu erantzunik emon barik isilean geratu gura”.
2007an hasi ziren eskualdeko herri txikiak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde lanean. Herrietan berdintasunaren diagnosia egin zuten lehenbizi, eta handik eratorritako emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plana onartu zuten 2008an.
Gernika-Lumoko Udalak eta Busturialdeko Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateak dinamizatu dute, elkarlanean, tratu txarren eta sexu erasoen biktima diren emakumeei laguntza emateko protokoloa adosteko lan-ildoa. Eta horrek interbentzio-sare teknikoa sortzea ekarri zuela azaldu du Gernika-Lumoko alkateorde eta Gizarte gaietarako zinegotzi Begoña Landak. Sare horretan, emakumeei arreta ematen dieten erakundeak batu dituzte. Hala, eskualdeko udaletako ordezkariez gain, Osakidetzako, Busturialdeko Gizarteko Zerbitzuetako Mankomunitateko eta Ertzaintzaren ordezkariek ere protokoloa sinatu dute gaur.