Urtebeteko kartzela zigorra eta zazpi urteko inhabilitazioa agindu du epaileak Alberdirentzat
Jaietako zinegotzi Jesus Mari Alberdirentzat Txirri urtebeteko zigorra eta politikan aritzeko zazpi urteko inhabilitazioa agindu du epaileak. Azaroaren 3an egin zuten Alberdiren eta beste herritar baten aurkako epaiketa Madrilgo Audientzia Nazionalean, "terrorismoa goratzea" leporatuta. Defentsako abokatu Kepa Manzisidorrek absoluzioa eskatu zuen, eta fiskalak bi horientzat hasiera batean egindako zigor eskaera mantendu zuen: 18 hilabeteko kartzela zigorra, bost urtez Gernika-Lumon bizitzeko debekua eta kargu publikorik betetzeko debekua hamar urtetan. Epaiketa "politikoa" dela kritikatu dute ezker abertzaleak, Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroñok eta Senideek. Abokatuak epaiaren aurkako helegitea jarriko du Auzitegi Gorenean
Jaietako zinegotzi Jesus Mari Alberdirentzat Txirri urtebeteko zigorra eta politikan aritzeko zazpi urteko inhabilitazioa agindu du epaileak. Azaroaren 3an egin zuten Alberdiren eta beste herritar baten aurkako epaiketa Madrilgo Audientzia Nazionalean, “terrorismoa goratzea” leporatuta. Defentsako abokatu Kepa Manzisidorrek absoluzioa eskatu zuen, eta fiskalak bi horientzat hasiera batean egindako zigor eskaera mantendu zuen: 18 hilabeteko kartzela zigorra, bost urtez Gernika-Lumon bizitzeko debekua eta kargu publikorik betetzeko debekua hamar urtetan.
Epaiketan “argazkiak erakuste hutsean deliturik ez” dagoela frogatuta geratu zela dio Manzisidorrek, “eta absoluzioa espero genuen. Dena den, Audientzia Nazionala zertarako dagoen argi geratu da beste behin ere”. Haren lehenengo pausoa “beti da kondenatzea”, abokatuaren ustez, baina erabakiari helegitea jarriko diote Auzitegi Gorenean.
Sententzia “politikoa”
“Nahi izan duten sententzia” eman dutela uste du Jesus Mari Alberdik berak. “Zigor politikoa da, eta bilatzen dutena da ni politikoki baztertzea”. Sententzia “politikoa” dela dio, “hasiera batetik hartuta zegoen erabakia”, bere ustez.
Uste berekoa da Gernika-Lumoko ezker abertzalea. Alderdi horren iritziz, “aurretiz hartutako erabakia da, eta betiko bideari jarraitzen diote”. Zigor “politikoa” dela aipatu du ezker abertzaleak ere, “hau da, Alberdi den alderdikoa delako zigortu dute”.Epailearen erabakiak “ez hanka ez buru” ez duela diote, “beste sententzia batzuk diotenaren arabera argazkiak erakustea ez baita delitua”.
Zigorarren ondorioez ere mintzatu da ezker abertzalea: “Sententzia irmoa izan arte politikan aritzeko aukera izango du, eta legealdia amaitu ahal izango du zinegotzi legez. Baina legealdia amaitu aurretik zigorra irmoa egiten bada ez”.
Txirriren aurkako zigorra ezker abertzaleak hartutako ildo politikoa “oztopatzea beste helbururik ez” duela uste du alderdi horrek. “Madrilgo alderdiak oso urduri jarri baitira ezker abertzaleak hartutako bidearekin”. Dena den, “sententziak sententzia” bake prozesuan aurrera egingo dutela berretsi dute.
Preso politikoen senideek ere bat datoz Alberdiren eta beste herritar horren aurkako zigorrak “ez hanka ez buru” ez duela esatean. “Epaileak hartutako erabakia oso gogorra dela uste dugu”, Margari Azurmendiren esanetan. “Gure senideen argazkiak urte guztietan agertu dira jaietako programan. Beraz, zergatik zigortu dituzte orain Jaietako zinegotzia dena?”. Epaiak “arrazoi juridikorik ez ” duela uste du Azurmendik.
Legearen aurrean “ezberdinak”
Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroñok (EA) ere ez dio arrazoi logikorik ikusten sententziari, eta “epaiketa politikoa” izan dela uste du. “Ni alkate eta Alberdi Jaietako zinegotzi izan aurretik ere presoen argazkiak erakusten ziren jaietako egitarauan. Aurreko legeladian ere gauzak berdin egin izan dira”. Horregatik, Alberdiren eta beste herritar baten aurkako auzia “nahita, intentzio osoarekin” egindakoa izan dela uste du.
Pertsona guztien pentsamenduak “errespetatu behar” direla uste du Gorroñok, “baaina argi dago legearen aurrean denak ez garela berdinak”. Haren ustez, gainera, Alberdiren kontrako epaiak ez du laguntzen normalizazio politikoan, “ez gure herrian ezta Euskal Herri osoan ere”.