Urte bukaerarako prest izango dute toponimia lana
Ajangizko Udalak urte bukaerarako izango du prest herriko toponimia lana. 760 toponimo inguru aurkitu dituzte herriko bolondresek eta orain mapetan kokatu behar dituzte leku izenak. Toponimoen mapa kaleratu aurretik, Udalak lanaren erakusketa egingo du azaroan, Mendieta auzoko kultur etxean.
Ajangizko Udalak urte bukaerarako izango du prest herriko toponimia lana. Mikel Gorrotxategi euskaltzainak azaldu bezala “760 toponimo inguru aurkitu dituzte bolondresek eta orain mapetan kokatu behar ditugu leku izen horiek”. Dioenez, “izen ezaguna duen guztia sartu dugu toponimia lanean”. Ildo horretatik, landen izenak, mendien izenak, etxeen izenak, erreken izenak, iturrien izenak… agertuko dira besteak beste.
Koldo Carbonell Ajangizko alkatearen hitzetan, “proiektuaren helburua leku izenak ez galtzea da”. Toponimia, herriko “kulturaren zati bat” dela argudiatzen du, eta galtze prozesua geldiarazteko asmoarekin hasi ziren toponimoekin lanean orain bi urte inguru.
Gorrotxategi ere, iritzi horretakoa da. Azaldu duenez, “toponimia gizartearen ondarea dela esan zuen Unescok eta leku izen horiek gordetzea ezinbestekoa da”. Euskaltzainarentzat, toponimia “galtzeko arriskuan” dago eta toponimia lanak egitea oso aberasgarria da.
Azaroan erakusketa egingo dute
Toponimoen mapa kaleratu aurretik, Udalak lanaren erakusketa egingo du Mendieta auzoko kultur etxean. Carbonellek jakinarazi duenez,” zuzenketak egiteko”, edota “hutsuneak bistaratzeko” aukera izango dute herritarrek erakusketa horretan. Alkatearen hitzetan, “oraindik ez dakigu data zehatza zein izango den, baina azaroa bukatu orduko egingo dugu erakusketa”.
Imanol Goikoetxea, mapagileak jakinarazi bezala, “leku izen guztiak dituen mapa egiteaz gain, erabilera arrunterako triptikoak egiteko asmoa dugu eta toponimo esanguratsuenak batzen dituen ortofotoa ere egingo dugu”. Ildo horretatik, herritarren aurrean izango den erakusketa azken ukituak egiteko momentua izango da mapagilearen esanetan. Dioenez, “aurretik egindako lana oso ona izan da eta ez dugu aldaketa handirik espero”.
Udalak 15.000 euroko aurrekontua izan du toponimia lana egiteko. Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Ajangizko Maier enpresaren diru-laguntza izan dute.