Diego Beaskoetxea: “Euskal Herriko pilotalekuetan giro askoz alaiagoa egoten da”
Diego Beaskoetxea (1981, Miami, AEB) puntista gernikarra Euskal Herriko pilotalekuetara bueltatu da, udarako. “Aldaketa nahiko handia” dela dio, baina jokatutako lehenengo partidetan nahiko ondo moldatu dela deritzo. Euskal Herriko frontoietara bueltatu zara. Ez al duzu atseden hartzeko gogorik ala? Danian (AEB) egunero jokatzen dugu, eta Euskal Herrian astean partida bat jokatuko dut, gutxi gorabehera. Beraz, hemengo denboraldia lasaiagoa da. Urtero bueltatzen zara udan? Azken hiru urteetan etorri naiz, baina aurreko urteetan AEBetako udako denboraldia jokatzen geratu nintzen. Izan be, Danian neguko eta udako denboraldiak daude; ez dago atsedenik. Zeintzu txapelketa jokatuko dituzu Euskal Herrian? Ipar Euskal Herrian, Donibane Lohitzunen eta Miarritzen jokatuko dut. Donibanen astero partida bat jokatuko dut, eta Miarritzen Urrezko Xistera irabazteko ahalegina egingo dut. Hego Euskal Herrian, bestalde, Gernika-Lumon jokatuko dut, eta baliteke Bilbon be jokatzea, zesta-punta txapelketa prestatzen baitabiltza Aste Nagusirako. Zergatik erabaki ohi duzue puntistek udan Euskal Herriko frontoietara bueltatzea? Euskal Herrian munduko txapelketa garrantzitsuenak jokatzen dira udan. Munduko Txapelketak jokatzeko aukera be emoten du. Txapelketa garrantzitsuak direnez, atsedena ahaztu eta bertora etortzen gara jokatzera. Helbururik jarri diozu zure buruari berton jokatzen duzun bitartean? Ez dut helburu zehatzik jarri. Ahal bezain hoberen jokatzen ahaleginduko naiz. Partida pare bat jokatu dituzu dagoeneko Euskal Herrian. Zer moduz [...]
Diego Beaskoetxea (1981, Miami, AEB) puntista gernikarra Euskal Herriko pilotalekuetara bueltatu da, udarako. “Aldaketa nahiko handia” dela dio, baina jokatutako lehenengo partidetan nahiko ondo moldatu dela deritzo.
Euskal Herriko frontoietara bueltatu zara. Ez al duzu atseden hartzeko gogorik ala?
Danian (AEB) egunero jokatzen dugu, eta Euskal Herrian astean partida bat jokatuko dut, gutxi gorabehera. Beraz, hemengo denboraldia lasaiagoa da.
Urtero bueltatzen zara udan?
Azken hiru urteetan etorri naiz, baina aurreko urteetan AEBetako udako denboraldia jokatzen geratu nintzen. Izan be, Danian neguko eta udako denboraldiak daude; ez dago atsedenik.
Zeintzu txapelketa jokatuko dituzu Euskal Herrian?
Ipar Euskal Herrian, Donibane Lohitzunen eta Miarritzen jokatuko dut. Donibanen astero partida bat jokatuko dut, eta Miarritzen Urrezko Xistera irabazteko ahalegina egingo dut. Hego Euskal Herrian, bestalde, Gernika-Lumon jokatuko dut, eta baliteke Bilbon be jokatzea, zesta-punta txapelketa prestatzen baitabiltza Aste Nagusirako.
Zergatik erabaki ohi duzue puntistek udan Euskal Herriko frontoietara bueltatzea?
Euskal Herrian munduko txapelketa garrantzitsuenak jokatzen dira udan. Munduko Txapelketak jokatzeko aukera be emoten du. Txapelketa garrantzitsuak direnez, atsedena ahaztu eta bertora etortzen gara jokatzera.
Helbururik jarri diozu zure buruari berton jokatzen duzun bitartean?
Ez dut helburu zehatzik jarri. Ahal bezain hoberen jokatzen ahaleginduko naiz.
Partida pare bat jokatu dituzu dagoeneko Euskal Herrian. Zer moduz sentitu zara pilotalekuan?
Denbora luzean berton jokatzen ditudan lehenengo partidak izan direla kontuan hartuz gero, nahiko ondo moldatu naizela uste dut. Gogorra da berton jokatzera ohitzea, baina horretan nabil.
Aldaketa handia igartzen duzue puntistok AEBetatik Euskal Herrira?
Aldaketa nahiko handia da. Kinielak jokatzea eta partidak jokatzea ez da bardina. Kinieletan ez duzu auspoa gehiegi berotzen, baina partida bat osorik jokatzeko sasoi forma oso ona behar da. Frontoiak be ezberdinak dira; hemen luzeagoak dira, eta pilotak ez dira horren azkarrak.
Kinielak ala partidak nahiago?
Ohitzean datza gakoak. Azkenean, pilotaleku eta jokatzeko era ezberdinetara ohitzen zara, zauden lekuan zaudela.
Zer nabarmenduko zenuke berton pasatzen duzuen denboratik?
Txapelketa garrantzitsuetan jokatzeaz gain, familiagaz egoteko aukera oso ona da. Urte guztian zehar hurbilekoak ez ikustea gogorra da. Jokatzen jarraitzen dugu, baina lasaiago egoteko aukera bat da etortzea.
AEBetako pilotalekuetako giroa eta Euskal Herrikoetakoa bardina da?
Oso ezberdina da pilotalekuan dagoen giroa. AEBetan pilotalekura doana apustu egitera doa, eta galduz gero, edozer esaten dizute. Euskal Herrian oso ezberdina da. Jendea partida ikustera doa, eta apustuak egin arren, giro askoz alaiagoa egoten da.
AEBetan jende asko batzen da zuek ikusteko?
Ezberdina da. Egunero hamalau kiniela jokatzen dira. Egunean zehar frontoitik 1.000 pertsona pasatuz gero, ez daude pilotaleku barruan aldi berean. Azken aldian, halanda be, nahiko jaitsi da frontoietara doan jende kopurua. Pilotalekura doazenak apustu egitera doaz, eta krisiaren eraginez diru gutxiago dute han be.
Ikusle kopuruak behera egin du AEBetan. Oraindik berton jokatzea baino errentagarriagoa da?
Bai, bestela Euskal Herrian geratuko ginateke lasai asko.
AEBetan denboraldi bikaina egin duzu, Most Wins txapelketa eta banakako txapelketa irabazita. Moralez gainezka helduko zinen…
Neguan AEBetan ondo ibiltzeak Euskal Herriko denboraldiari gogotsuago heltzeko balio du. Konfiantza gehiago emoten du, baina, jokatzeko era, frontoiak eta pilotak desberdinak direnez, ezin jakin zelan ibiliko zaren berton.
Zenbat denbora daramazu AEBetan jokatzen?
2003an joan nintzen lehenengoz AEBetara. Urte asko dira, baina arin pasatzen dira.
Aurtengoa zure denboraldirik onena izan da?
Baietz esango nuke, baina arrazoi bategatik. AEBetan oso zaila da sei hilabetetan lesiorik ez izatea. Zenbait urtetan lortzekotan egon naiz, baina, azkenean, lesioen erruz ezin izan dut. Bi aste geldirik egonez gero, ez daukazu txapelketa irabazteko aukerarik. Aurten ez dut lesiorik izan, eta, horrenbestez, Most Xins txapelketa eta banakako txapelketa irabazteko aukera izan dut.
Pozik zaude AEBetan aurten egindako denboraldiagaz?
Oso pozik. Sei hilabeteko lan gogorraren ostean sariak jasotzea oso ederra da. Most Wins txapelketa irabazteak, esaterako, ilusio handia egin dit. Inoiz ez dut txapelketa hori irabazi, eta, gainera, asko sufrituta irabazi nuen; denboraldiko azkenengo kinielan, eta puntista onenen kontra.
Banaka eta binaka jokatzen duzue AEBetan?
Egunero bost kiniela jokatzen ditugu binaka, eta beste bat banakako txapelketaren barruan. Jarraian banakako bi txapelketa irabazi ditudan arren, binaka hobeto moldatzen naiz. Banaka jokatzea oso zaila da. Frontoia oso handia da, eta sasoi forma egokian egoteaz gain, lekuak ondo betetzen jakin behar da.
Ondo ohitu zara AEBetako jokatzeko erara?
Ezinbestean. Egunean bost bat kiniela jokatzen ditugu, eta sei hilabetean 1.000 kiniela inguru. Halabeharrez ohitzen zara.
Zer behar da AEBetako pilotalekuetan ondo ibiltzeko?
Ondo jokatuz gero, munduko pilotaleku guztietan ibil zaitezke primeran. Gogoa behar da, eta asko entrenatu behar da. Sistema aldaketak ez du eraginik jokalarien kalitatean.
Zesta-puntatik bizi gura duenak AEBetara joan behar du derrigorrez?
Gaur egun bai. Ni hasi nintzenean, barriz, urte osoa jokatzen genuen bertan, eta soldata bat genuen. Ordutik gaur egunera gauzak asko aldatu dira. Pena emoten du kanpora joan behar izateak, baina ez dago beste aukerarik.
Zer behar da zesta-puntak garai bateko ospea berreskura dezan?
Zaila da, egia esan. Gaur egun enpresa nagusi bi daude Euskal Herrian, baina ez dira gai puntista hoberenak batu eta ganorazko txapelketak antolatzeko. Telebista zesta-punta emititzeko prest dago, baina, puntista onenak batu ezean, ez da ausartuko. Enpresen arteko liskarrek ez dute laguntzen kirol hau berpizten. Partida onak antolatu ezean, gainera, zaleak be ez lirateke frontoira joango. Gaur egun, zenbaitek Ipar Euskal Herrian jokatzen dugu, eta beste batzuk Hego Euskal Herrian; horrela zaila da.