Herriko zaindariaren jaiak ospatuko dituzte asteburuan arteagatarrek
Arteagatarrek herriko zaindaria dute San Polikarpo, eta haren omenezko jaiak ospatuko dituzte asteburuan.

Zapatuan 12:00etan meza entzuteko aukera edukiko dute arteagatarrek Andra Mari parrokian. Jarraian, herriko Artie dantza taldeak emanaldia eskainiko du, eta dantza ikuskizuna amaitzerakoan hamaiketakoa egingo dutela aurreratu dute. Hamaiketakoa elizpean egingo dute, eta trikitixa doinuez girotuko dute ingurua.
Arratsaldean, berriz, pilota partiduak izango dira protagonista nagusiak. Umeen partiduak hasiko dira 17:30ean, eta gero Promozioko Binakako Txapelketaren finalaurdenak jokatuko dira gero. Elordi eta Etxebarria bikoteak Alberdi eta Erasun izango ditu aurrez aurre.
Eguna borobiltzeko dantza egiteko aukera izango dute bertaratzen direnek Xaiborregaz.
Kros laterketa. Domekan, urtero legez, kros lasterketa antolatu du Montorre Eskolako Gurasoen Elkarteak. Azaldu dutenez, adinaren araberako lau lasterketa antolatu dituzte: 0-5 urte bitartekoak, 6-8 urte bitartekoak, 9-11 urte bitartekoak eta 12 urtetik gorakoak.
11:30etan jarri dute hitzordua herriko parkean. Parte hartzaile guztientzako oparia egongo dela esan dute antolatzaileek.
Juan Felix Naberan Gautegiz Arteagako alkateak San Polikarpo jaiak alaitasunez bizitzen diren jaiak direla dio, “familia edota lagun artean ospatzeko aukera bikaina”.
Egitaraua
Zapatua:
11:30. Meza Andra Mari parrokian.
Ondoren. Artie dantza taldearen ikuskizuna elizburu ondoan.Gero, hamaiketakoa elizpean, eta jarraian trikipoteoa, plazan.
17:30. Pilota partiduak, frontoian. Herriko umeak eta 2019ko Promoziozko Binakako Txapelketako finalaurdenak.
Gero. Erromeria Xaiborren eskutik.
Domeka:
11:30. Kros herri lasterketa, herriko parkean.