Olatz Arrizabalaga gernikarrak ezin izan zuen Patri Espinar usansolotarra mendean hartu Emakume Master Cup txapelketako lau t’ erdiko Lehen mailako finalean. Leporaino bete zen Gurea pilotalekua; antolatzaileen esanetan 800 bat lagunek ikusi zuten bertatik bertara kaiolako finala. Partidaren hasieran berdintasuna izan zen nagusi Azkoitiako frontoian eta launako berdinketa ere erakutsi zuen markagailuak. Baina usansolotarrak bata bestearen atzetik egindako 12 tantoek aukerarik barik laga zuten Arrizabalaga.
Gaztek ezin zuen beteranoaren jarraikortasuna hautsi eta markagailuan ihes egin zuen. Bi pilotariak txapelketan parte hartzen zuten lehen aldia izan arren, Espinarrek bere esperientzia baliatu zuen finala irabazteko. Ez zuen arriskatu beharrik eduki eta horrek lasai jokatzeko aukera eman zion markagailuan geroz eta atzerago geratzen ari zen Arrizabalagaren aurrean. Gernika-Lumoko pilotariak txapelketa ederra jokatu du baina finalean ez zaio partida ona atera. Azkenean, Arrizabalagak 9 eta Espinarrek 22.
Omenaldia. Gernika-Lumoko udalbatzak harrera egingo dio Olatz Arrizabalagari eguaztenean [abenduak 12] udaletxean, 19:00etan. Udalak pilotariak egindakoa azpimarratu eta
merezitako aitortza eskaini nahi dio.
Lau finalistak, garaikurrekin. Argazkia: Emakume Master Cup/Facebook