Ivo Teran Camara (Belarriprest): “Txapa urte osoan eraman behar genuke”

Ivo Teran Camarak (Markina-Xemein, 1970) bizitzako lehenengo urteak Markina-Xemeinen igaro bazituen ere, 6 urterekin Ondarroara bizitzera joan zen. Gaztaroa han pasa ondoren, emaztea eta bi seme-alabekin familia osatu du Mutrikun.

Nolako harremana daukazu euskararekin?
Beti euskara ikasteko grina eduki dut, eta orain bi urte eta erdi euskara ikasteari ekin nion Ondarroako AEKn. Bestelakoan, lagunarteko eta familiarteko harreman gehienak gaztelaniaz egiten ditut. Hori bai, euskaraz dakitenekin euskaraz egiten saiatzen naiz. Nire emaztea eta biok euskaldunberriak gara, eta biok Belarriprest izango gara datozen 11 egunotan. Korrika egitera edo oinez egitera biok batera joaten garenean, esate baterako, euskaraz egiten saiatzen gara. Etxean, bestelakoan, oso euskara gutxi egiten dugu. Izan ere, nahikoa zaila egiten zaigu dugun joera aldatzea. Hori bai, nire proposamena euskaraz bizitzea da, eta etorkizunean neu ere Ahobizi bihurtzea.

Zer dela eta erabaki duzu Euskaraldian izena ematea?
Benetan ekimen oso ona dela deritzot. Era berean, neure burua euskaraz hitz egitera ohitzeko bultzada ona izan daiteke. Euskaraldia hasi ez bada ere, ni dagoeneko ariketa egiten hasita nago, eta hobekuntza igartzen ari naiz. Edozein tokitara noala ere, lehenengo hitza euskaraz egiten saiatzen naiz, baita lanean ere. Hori bai, nik badut arantza bat oraindik.

Ivo Teran Camara Belarriprest

Zein ba?
Garai batean, kanpotik etorritakooi ez ziguten lehen hitza euskaraz egiten. Eskerrak, zorionez, gaur egun ohitura hori aldatu egin dela.

Euskaraldiari esker, orain arte gaztelaniaz egin dizuten euskaldun askok orain lehenengo hitza euskaraz egingo dizutela uste duzu?
Baikor nago, eta euskaraz egingo didatela uste dut. Nik ere dakidan neurrira arte euskaraz erantzungo diet. Hori bultzatzeko, gainera, Belarriprest garenok txapa urte osoan eraman beharko genukeela deritzot.

Euskara jakin eta erabiltzen ez dutenei, zer esango zenieke?
Lotsak alde batera uzteko eta euskaraz egiteko gomendatuko nieke.

Mutriku Euskaraldia bizitzeko herri aproposa da?
Bai. Hala eta guztiz ere, Mutriku nahiz eta herri euskalduna izan, Euskaraldia moduko ekimen bat beharrezkoa dela uste dut, hemen ere euren egunerokoa euskaraz egiten ez dutenak badaude eta.

Eta 11 egun horiek amaituta,  zer?
Euskara hobetzeko ahaleginetan jarraituko dut, Belarriprest txapa soinean. Euskaraldia konpromiso horri jarraipena emateko hasiera besterik ez dela deritzot. Txapa soinean badut, gainera, euskaraz dakien jendeari lehen hitza niri euskaraz egiteko bidea emango diot.

*HONEKIN LOTUTA:

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend