Bego Laga Urbieta (Ahobizi): “Honelako sakakada bat behar dugu”

Bego Laga Urbietak (Bermeo, 1981) euskara du ama eta aita hizkuntza. Bere inguruan euskaraz berba egiteko aukera zabala du, familian, lagunartean zein lantokian giro euskaldunean bizi da, eta hori zorte handia dela nabarmendu du.

Zer dela eta erabaki duzu Euskaraldian parte hartzea?
Euskaraldia gauza handi modura ikusten dut, olatu bat izan daitekeelako. Datozen egunotan, beharbada, euskararen erabileraz orain arte behar beste kontzientziatuta egon ez diren hainbat lagun aktibatuko ditugula uste dut. Euskaraldia ez da txapa bat janztea soilik, konpromiso aktibo bat eskatzen duen ariketa sozial bat da.

Ahobizi txapa eramango duzu soinean datozen 11 egunotan.
Nik uste dut betidanik izan naizela Ahobizi. Nire lehenengo berba euskaraz izaten da, baina, orain, ariketaren jakitun, dena praktikan jartzen hasita nago, eta nik pentsatzen nuena baino hobeto doa.

Bego Laga Urbieta ahobizi

Eta hori?
Ezustekoren bat edo beste ere izan ditut dagoeneko. Hurrengo 11 egunotan ezusteko gehiago izatea espero dut. Euskaraz berba egiten jakin ez, baina ulertzen dutenek Belarriprest txapa soinean eramatea, esate baterako, nire ustez, ona eta aberasgarria izango da.

Euskaraldiari esker orain arte gaztelaniaz egin diezun horiei lehen berba euskaraz egingo diezula uste duzu?
Bai, duda barik. Orain arte nire lehenengo berba, askotan, euskaraz izan da. Hurrengo 11 egunotan, ostera, lehenengo berba beti euskaraz egingo dudala konprometitu naiz neure buruagaz, eta horretan ariko naiz kontzienteki.

Euskara gehiago erabiltzeko proposamena da Euskaraldia. Zure inguruan hori lortuko dela uste duzu?
Bai, noski. Nire inguruan 10etik 9k euskara ulertzen dute, nahiz eta denak berba egiteko gai ez izan. Kontuan izanda azken urteotan euskararen erabilerak Bermeon izan duen beherakada, nik uste dut honelako sakakadatxo bat behar dugula; ondo etorriko zaigu. Hori bai, ni ez noa inor niri euskaraz berba egitera behartzera, ez badu nahi. Hori ez da nire helburua. Bakoitzak hizkuntzagaz daukagun ibilbidea desberdina da, eta hori ere errespetatu behar da. Nik uste dut jendearengan errefortzu positiboa eragin behar dugula, ez dezatela hau hartu ariketa derrigor bat modura.

Euskaraldiako 11 egunen ostean, zer asmo daukazu?
Diotenez, 21 egun behar izaten dira ohitura bat norbere egiteko, baina espero dut 11 ere nahikoa izatea.

*HONEKIN LOTUTA:

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend