Zinema eta Kartzela zikloari hasiera emango diote gaur, Astran
Ikus-entzunezkoak datozen hiru martitzenetan proiektatuko dituzte, 19:00etatik aurrera. Kartzelaren gaiari buruzko ikuspuntuak «zabaldu» gura dituzte zikloagazEl beso de la mujer araña film brasildarragaz hasiko dute gaur Astra Zinema Paradisok eta ...
Ikus-entzunezkoak datozen hiru martitzenetan proiektatuko dituzte, 19:00etatik aurrera. Kartzelaren gaiari buruzko ikuspuntuak «zabaldu» gura dituzte zikloagaz
El beso de la mujer araña film brasildarragaz hasiko dute gaur Astra Zinema Paradisok eta Sare Gernika-Lumok elkarlanean antolatu duten Zinema eta Kartzela zikloa. Bigarren urtez egingo dute ekimena, eta hurrengo hiru martitzenetan 19:00etan jarri dute hitzordua, Astran.Kartzelaren gaia emanaldi bakarragaz landu zuten iaz, eta emanaldi hori «positiboki» baloratu ondoren, aurten ziklo formatuan lantzea eta hiru ikus-entzunezko zehaztea erabaki dute: «Aurten hiru emanaldiko ziklo bat egitea aurreikusi genuen bi taldeen artean. Horrela, kartzelei buruzko ikuspegi zabala eta desberdina lantzen dituzten hiru film aukeratu ditugu».
Sarek Euskal Herriko gatazka politikoari buruzko kartzelen gaia jorratzen du, baina ikus-entzunezko horien bitartez, Astra Zinema Paradiso taldeagaz batera, «kartzelei buruzko ikuspegia zabaldu» gura izan du.
Gaur emango duten El beso de la mujer araña filmagaz, esate baterako, gai sozial eta politiko desberdinak dituzten bi presoen arteko antzekotasunak landuko dituzte. Orain dela 20 urte egindako filma da, baina presoen arteko errealitateak bere horretan kontatzen dituelako aukeratu dute, «presoen arteko elementu komunak azaleratzen dituelako, hain zuzen». Nahiz eta Brasilen oinarritutako ikus-entzunezkoa izan, egoera hori Euskal Herrira hurbiltzeko gogoeta bultzatzen duela ere argitu dute.
Azaroaren 13an, berriz, IPES elkarteak egindako dokumentala proiektatuko dute Astran. Hemen right now deitzen da ikus-entzunezkoa, eta kartzela inklusio moduan eztabaidarako elementua dela erakusten du. Kartzelak «zertarako behar diren eta zein funtzio betetzen duten» azaltzen du dokumentalak, eta hausnarketara bideratzen du ikuslea. «Fikziozko ikus-entzunezkoez gain, errealitatea islatzen duen proiekzio bat eman nahi izan dugu ziklo honetan».
Emakumeen egoera
El patio de mi carcel filma izango da emango duten azkena. Kartzeletan dauden emakumeek sufritzen dituzten egoerak azaltzen ditu: «Emakume izateagatik eta kartzelan egoteagatik emakumeek bikoitza sufritzen dutela argi erakusten du film honek». Hala, kontaketa «fidela» egiten duelako aukeratu dute.
Errealitatean oinarritutako edo errealitatea «nahikoa ondo» islatzen duten filmak dira aukeratutakoak. Hala, eztabaidarako tartea zabalduko dute bukatu bezain laster. «Kanpoko kartzelen errealitateari buruzko ikuspegia jasotzea ondo dago, gero geurera ekarri eta hausnartzeko». Hala, ikusitakoa aztertu eta Euskal Herriko egoeragaz alderatzeko aukera egongo da solasaldirako tartean.