Gaur eguerdian, Dunkerque (Frantzia) hiriko K´Danses dantza taldeko eta Gernika-Lumoko Ross dantza eskolako lagunak hartu ditu Gernika-Lumoko alkate Jose Maria Gorroñok eta Iñaki Gorroño zinegotziak, udaletxean.
Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkatea eta Dunkerqueko K´Danses dantza taldearen zuzendaria, oroigarria eskuetan.
Biak ala biak herri bonbardatuak izan ziren, eta orduko hartan gertatutakoa gogoratzeko kultur proiektu bat jarri nahi izan dute martxan. Frantziako taldearen gonbidapenari uko egin ezinik, martxan dira hango eta hemengo artistak.
Elkarlanean prestatutako koreografia bat grabatzea da proiektuaren helburu nagusia, eta horretan ariko dira asteburuan. Abestia eta dantza prestatuta dituzte, eta entseatzeko eta grabatzeko egunak izango dituzte gaurkoa eta biharkoa. Hain justu, Gernika-Lumoko toki esanguratsuetan grabatuko dute ikus-entzunezkoa, eta behin hori eginda, Dunkerquen estreinatuko dute bideoa, urtarrilean. Gainera, Gernikako kaleetan ez ezik, Dunkerquekoetan ere erakutsiko dituzte dantzarako dituzten abileziak.
Dunkerquekoak Gernika-Lumora etorri direla aprobetxatuta hartu dituzte udaletxean. Alkateak harrera ekitaldian gogorarazi duenez, 2016. urteaz geroztik, Gernika-Lumo Memoria Hirien elkartearen barruan dago, beste hainbat hirigaz batera; horien artean, Dunkerque bera. Gernikak duela 81 urte sufritu zuen bezala, gainontzeko hiriek ere sufritu behar izan dutela azaldu du Gorroñok: “Bidegabekeriak sufritu behar izan dituzte, gerra eta heriotzen bitartez”. Orain, baina, bakearen alde lan egin nahi dutela azpimarratu du Gorroñok, eta proiektu hau hasiera dela aipatu du.
Bideokliparen grabaketak Frantziako eta bertoko hiriaren arteko harreman kulturalak sendotzko balioko du, eta, horren aurrean “pozik” agertu da Gernika-Lumoko alkatea.
Gorroñok Gernikaren ikur diren aritzaren hostoa eta Picassoren koadroaren irudi txiki bat biltzen duen oroigarri bat eman dio K´Danses dantza taldearen zuzendariari, harrera ekitaldian.
Udaletxetik atera, eta Bakearen museoa eta bonbardaketako babeslekuak bisitatzeko aukera izan dute Dunkerquekoek. Baina oraindik eguna luzea izango dute, ikus-entzunezkoa grabatzeko aprobetxatu behar baitute asteburua.