Gernika-Lumoko Merkatu plazako proiektua abian jarri zenean Busturialdeko EH Bilduk ez zuen bertan parte hartu, baina orain proiektuaren diseinurako zabalik dagoen
parte hartze prozesuan egongo dela baieztatu du.
Merkatu plazaren
berriztatzea beharrezkoa dela deritzo EH Bilduk, bai arkitektura mailan zein lehen sektoreari eta tokiko merkataritzari bideratutako estrategia modura, Gernika-Lumorako eta Busturialde osorako. Koalizioak bilera horietan parte hartuko duela esan du, “Merkatu plazari buruzko gure ikuspegia adierazteko, eta inplikatutako eragile sozial eta ekonomikoen ekarpenak jasotzeko eta horiek azken proiektuan sartuko direla bermatzeko”.
Gernikako merkatuaren erreformen proiektua hasi zenean bertan ez egotea erabaki zuen Busturialdeko EH Bilduk,
“erabat ezezaguna” zen proiektuari ez ziotela babesik emango arrazoituz. “Inork ez zigun milioi bat euro baino gehiagoko inbertsioaz gure iritzia galdetu, inork ez zuen proiektua azaldu, eta inork ez zituen jaso merkatura joaten diren ekoizleen eta bertako saltzaileen iritziak, kexak eta proposamenak”.
Koalizioak azaldu duenez, abuztuan EAJk gauzak ez zirela ondo egin onartu zuen eta Merkatu plazaren egoera bideratzeko asmoagaz elkartu zirela jakinarazi dute, “EAJk mahai batean esertzea proposatu zuelako”. Saiakera horretan, proiektuaren inguruko
akordio batera iristeko balizko badintzak eztabaidatu zituztela aitortu du koalizioak. Bertan, EH Bilduk eraikinari buruz ez ezik, eraikinaren edukiaz ere hitz egin behar zela argudiatu zuela jakinarazi du. “Ezinbestekoa da inplikatutako eragile guztiekin eraikinari buruz hitz egitea, baina, batez ere, eraikinaren edukia landu behar da”.
Horrek eskualdeko
beharrizanak asetzeko ateak irekiko dituela uste du koalizioak. Eta hori guztia partaidetza bultzatuta lortuko dela esan du EH Bilduk: “Parte hartzaile guztiei entzungo zaie, eta beraien ekarpenak proiektuan kontuan hartuko dira. Ekarpen guztiak proiektuan sar daitezen gure konpromisoa berresten dugu”.
Lehen harremanak. Uda ostean Urremendi Garapen Agentziaren bitartez ekoizleekin, merkatariekin eta erabiltzaileekin lehen harremanak hasi direla jakinarazi du EH Bilduk. Gainera, eskualdeko udalerriekin ere “laster” hasiko direla elkarrizketak zehaztu du.
Parte hartuko duten guztien artean proiektu “hobea” lortuko dutela uste du koalizioak, XXI. mendeko Gernikako azoka. Merkatu plazako erabiltzaile eta merkatari guztiak identifikatuta sentitzeko
eragile guztiak animatu nahi ditu prozesuan
parte hartzera.