Liburuak izan dira urte luzez esku artean gorde diren istorioak. Orain, baina, teknologia berrien sorkuntzagaz, denetariko istorioak, filmak edota liburuak gorde daitezke mugikorretan. Horrek, orain arte istorioen gordeleku izan diren liburuak alde batera uztea eragin du, eta dena metodo bakarragaz kontsumitzea bultzatu du.
Hala,
ikus-entzunezkoak eta irakurketa bateratu ditu Booktuber egitasmoak; Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuak, Gaztea Irratiak eta Galtzagorri elkarteak bultzatu dute idea hau. Ekimen horren helburua “ikus-entzunezkoen bidez irakurtzeko zaletasuna sustatzea” dela jakinarazi dute. Baita Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako Booktuber
plataforma sortzea ere: “Plataformagaz, Euskal Booktuber komunitatearen lehen hazia landatuko litzateke”.
Hori Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban gauzatzeko
II. Booktuber lehiaketa antolatu dute, eta lehiaketa bultzatu asmoz, booktuber topaketak egingo dituzte herriz herri. Horietan irakurtzearen jarrantziaz eta liburuez hitz egingo dute.
Barikuan, Gernika-Lumoko Elai-Alai areto txikian batuko dira 14 eta 18 urte bitarteko ikastetxeetako gazteak. 11:00etarako jarri dute hitzordua, eta hainbat gai landuko dituzte udal liburutegiko arduradunekin batera.
Gainera,
Ainhoa Etxebarria kazetari ondarrutarrak hartuko du parte topaketan. Ikasleekin hizketaldia egingo du, eta bideoak nola landu daitezkeen azalduko dizkie ikasleei.
Liburuak eta Youtube plataforma batzen dituen bideoa da booktube, eta ikasleek, nahi izanez gero, hori egiteko aukera izango dute biharkoan.
Liburu bati buruzko iruzkina edota kritika batzen ditu, norberak bere buruari grabatutako bideoak. Topaketetan, bideo horiek nola egiten diren jorratuko dute. “Topaketa hauetan Booktuber fenomenoa zer den ezagutuko dute ikasleek, baita booktube bat zer den eta nola egiten den ikasi ere. Gainera, ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izango dute parte hartzaileek”, aitortu dute antolatzaileek.
Hori horrela, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako Liburutegi Sareak antolatu duen II. Booktuber lehiaketan parte hartzera animatzen dituzte gazteak, “primeran pasatzeko aukera ezinhobea delako ekimena”.
Bideoak bidaltzeko, eta beraz, lehiaketan parte hartzeko
azken eguna azaroaren 22a izango da. Parte hartzeko oinarriak udal liburutegian eskura daitezke.