Helburuak lor daitezke

Mugak gainditzeko daude. Arazoak denetarikoak izan daitezke, eta noiznahi eta nonahi agertzen dira. Baina oztopo horiek adorearekin eta ausardiarekin gainditzen dituzten hainbat eta hainbat pertsona daude; mugak gainditzeko prest agertu, eta horrela egiten dutenak. Diabetesa da gaur egungo gizartean aurki daitekeen gaixotasunetako bat.

Gaixotasuna izatea eta gustuko ekintzak bateratzea ezinezkoa dela uste dute askok eta askok; baina ez da beti horrela izaten. Ez, behintzat, Gorka Iturrizaga (Bermeo, 1985) bermeotarraren kasuan.

Txikitatik medikuek diagnostikatu dituzten diabetikoak daude. Baita gazte direla gaixotasuna daukatela ohartu direnak ere. Baina badaude nagusi izanda diabetesaren sintomak izaten dituztenak. Iturrizagaren kasuan, orain sei urte ohartu zen diabetikoa zela, 27 urterekin.

Ondorioz, bere bizitzan “ordura arte kontrolatu gabe” zituen hainbat alorrez arduratu beharra dauka gaur egun; hau da, gorputzaren beharrizanak hobeto ezagutu behar ditu.

Gorka Iturrizaga2Txikitatik kirola egin izan du Iturrizagak; futbolean eta lasterketetan parte hartu izan du. “Onuragarria” izan da hori Iturrizagarentzat, diabetikoa izanda kirola eta dieta egitea funtsezkoa baita; bizitza osasuntsua izatea, alegia.

Hala ere, azaldu du intsulinaren isuria gehiago aztertu behar duela kirola egitean, eta azken sei urteetan hori nola egin ikasi duela.

Kirola egiteko bere gorputzak “nola funtzionatzen duen” jakitea beharrezkoa dela dio: “Ezinbestekoa da diabetesa daukan pertsona bakoitzak bere burua ondo ezagutzea eta helburuak pixkanaka lortuz joatea”.

Gorputza ondo kontrolatzen ikasten bada denetariko kirol probak egin daitezkeela gehitu du Iturrizagak: “10 kilometroko proba laburrak egin daitezke, bai eta 60 kilometroko mendiko bizikleta lasterketak ere”.

Entrenamenduaren arabera zer jan behar den eta zer ez ere kontuan dauka: “Jendeak uste du azukrea ez janda dena eginda dagoela, baina karbohidratoak dira kontrolatu beharrekoak. Zukuak eta azukreak akzio arina daukate, baina badaude iraupen luzeagokoak ere. Dena jan dezakegu, baina noiz jan behar dugun ezagutzea da garrantzitsuena”.

Bizitza osasuntsua darama Iturrizagak, kirola bere egunerokotasuna da-eta. Urte osoan hainbat probatan parte hartzen du bermeotarrak, eta hurrengoa datorren hileko Bilboko proba izango da. Gero atseden hartuko duela dio, “hurrengo denboraldia hasi bitartean”. Orduan, gainera, mendiko lasterketak egin nahi dituela dio.

Italiako proba. Diabetesa ez da inolako muga Iturrizagarentzat, eta goi mailako kirola egin daitekeela erakutsi zuten abuztu bukaeran 1.000 diabetikok Umbria Training Center proban (Italia). Bertara hamasei herrialdetako delegazioak joan ziren, eta horien artean, bermeotarra kide den One Team taldeko lau euskaldun.

Bost egunetan goi mailako kirola egin daitekeela erakutsi zuten denek aladenek Umbriako proban. Bizkaiko Diabetes Cero elkarteko kideak ere bertan izan zirela azaldu du Iturrizagak.

Kirolarekin diabetesa kontrolatzen ikastea izan zen probaren helburuetako bat. “Kirolari bakoitzak bere gorputza ezagutzen du, eta metodo desberdinak erabiltzen ditu intsulina kontrolatzeko. Nire kasuan, esaterako, boligrafo baten bidez kontrolatzen dut momentuan gorputzean daukadan intsulina. Beste batzuek, berriz, sentsore berezi bat erabiltzen dute horretarako. Ezagutza desberdinak jaso ditugu Italian egindako proban”.

Zein metodo eta dieta egin behar dituzten aztertzeko eta planifikazioa beharrezkoa dela “ohartarazteko” balio izan zuen Italiako probak Iturrizagarentzat: “Garrantzitsuena gaixotasunari buruzko ezagutza handitzea izan da”.

Gorka Iturrizaga

Laguntasunarekin eta lurraldeekiko mugak gaindituz, denetariko probak burutu zituzten Italian. Lehenengo egunean, traila egin zuten; bigarrenean eta hirugarrenean, berriz, bizikleta probak izan zituzten aukeran. Azken egunetan, denetariko probak izan zituzten, bai bizikletaz egiteko, bai korrika egiteko.

One Team taldearekin egon zen Italian bermeotarra, diabetikoentzako bost eguneko probetan. Hala ere, azaldu du ohiko probetan ere beste taldekide batzuen laguntza izaten dutela. “Taldeak maratoi erdietako eta maratoietako anoetan egiten duten lanari esker buka ditzaket lasterketak. Probetako anoetan diabetikoek beharrezko ditugun produktuak jartzen dituzte”.

Urte osoko egutegia du aurretiaz planifikatutako kirol probekin markatuta bermeotarrak. Handik eta hemendik ibiltzen da, eta horrela jarraituko du, gustuko duena egiten.

Helburuak zehaztuz eta horiek gaindituz dabil orain sei urtetik, lasterketan aritzeko hurrengo eguna zein izango den esperoan. Begiz jota daukan hurrengoa, Bilboko maratoia da: “Helburuak gaindi daitezkeela erakusteko beste proba bat”.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend