Herria balioan jartzeko proiektu estrategiko berriak onartu ditu udalak

Talaiarien «memoria eta lekukotasuna» berreskuratu nahi du Elantxobeko Udalak. Busturialdeko historia, paisaia eta kultura ezagutarazteko proiektua bultzatu du

Elantxobeko Udalak herria balioan jartzeko eta ekonomia sustatzeko bi proiektu estrategiko bultzatuko ditu. Horretarako, turismo kulturala, iraunkorra eta kalitatezkoaren dinamizazioa «beharrezkoa» dela uste du.

Proiektu estrategikoek Elantxobeko herriaren garapena bultzatu nahi dutela esan du Josu Olagibel Elantxobeko alkateak: «Sinergiak bilatzea da gure lana, eta ekimenak zein aurrera egiteko formulak proposatzea gure herriari bizitza emateko. Hori ezin da bultzatu eskualde mailako garapena planteatu barik. Horregatik, beti haratago begiratzen saiatzen gara».

Busturialdeko talaiarien memoria eta lekukotasuna berreskuratzera bideratuko dute Urdaibai Itxasoari Begira proiektua. Kostaldeko herrietan talai- arien lana «beharrezkoa» izan dela azpimarratu du udalak, eta proiektu horren bitartez horien lana «berreskuratu gura dutela» esan du. Talaietan egiten zen lana ezagutarazteko panel ezberdinez osatutako ibilbidea jarriko dute QR kodeekin. Lanpostu zuzen baten eraketa proposatu dute proiektuagaz batera, «udako bisitarientzat».

Proiektuaren barnean, Talaiako begiratokia berregitea aurreikusi dute, «iriste erraztasuna hobetzeko eta balio turistikoa eskaintzeko». Ogoñon dauden bi talaiak balioan jarriko dituzte.

Ekimenagaz proba bat egiteko asmoa dauka udalak, eta «ibilbide kultural eta naturalaren formatuagaz» eskualde eta lurralde mailan zabaldu gura du. Proiektuaren garapenerako, Bizkaiko Foru Aldundiagaz kudeatu ditu diru laguntzak.

Buelti izeneko proiektua, berriz, Busturialdeko historia, paisaia eta kultura ezagutaraztera bideratuta dago: «Kantauriar Artadian bertan aire zabalean museo bat sortzea da asmoa». Proi- ektua Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Urdaibaiko Patronatuak eta Elantxobeko Udalak eskainitako diru laguntzekin kudeatuko da.

Herriko irisgarritasuna

Ekainean ospatutako osoko bilkuran suteen aurkako egokitzapen prebentiborako proposatutako neurriak ezagutarazi zituzten. Leunbe auzoa eta Olaeta kaleko bideak egokitzea eta handitzea proposatu zuten; zabalera egokiko eta erraz iristeko ibilbideak egitea, hain zuzen. Modu horretan, emergentziazko ibilgailuentzako eta auzokoentzako bideak «irisgarriak» egitea lortu nahi dute. Leunbe auzoko lanak burutzeko 381.208,66 euroko aurrekontua dago, eta Olaeta kaleko lanetarako, berriz, 197.013,58 eurokoa.

Osoko bilkuran, gainera, Eliza Barri plazaren erabilpena aldatzea ere onartu zen. «Oinezkoentzako eta aisialdirako erabilera berreskuratu gura da».
Ez dago iruzkinik

Send this to friend