Gernika-Lumoko Juan Kaltzada kalean kokatutako
hiru komertziok zamalanetarako eremua jartzeko eskatu diote Gernika-Lumoko Udalari. Udalaren erantzunik jaso ezean
Arartekora eskaera formalagaz joango direla jakinarazi dute komertzioetako arduradunek.
Juan Kaltzada kalean kokatutako taberna zein komertzioek zamalanak burutzeko espazioa dute, baina
kaleko 20. zenbakitik 28. zenbakira bitartean kokatutako hiruk komertzioek ez. “Kale osoan gu gara zamalanak burutzeko espaziorik ez duten bakarrak, beste guztiek badaukate beraien tokia. Gainera, produktu astunak erabiltzen ditugun komertzioak gara tarte honetan kokatutakoak”, azaldu dute jabeek.
Komertzio “ahaztuak” direla kexu dira
Inguruko zamalanetarako eremuak “hutsik” egoten direla adierazi dute, baina ez dagoela beraien esku herrian “zer aldatu behar den erabakitzea” gehitu dute. Hala ere, “karga astuna” duten komertzioak direlako “beharrezkoa” zaiela beraien komertzio aurrean zamalanetarako espazioa izatea azpimarratu dute. Izan ere, gaur egun espaloi gainean egin behar dituzte karga lanak, eta
isunak jarri dizkiete horren ondorioz.
Juan Kaltzada kaleko obra egin zutenean, errail bateko bidea utzi zuten herrian. Horri horrela, kaleko beste komertzioek duten zamalanetarako “aukera barik” geratu zirela adierazi dute hiru komertzioetako jabeek.
“Herriko erdigunean kokatuta egon ez arren, herriko komertzioak zaindu egin behar dira, eta udalaren laguntza beharrezkoa da guretzako”.
Erantzunik ez. Udala jakinaren gainean dagoela azpimarratu dute komertzioetako arduradunek; izan ere, hainbat eskaera formal bidali dizkiote. Horietan, udaletxetik herriko kanpoaldeko bidegurutzera arte kokatutako komertzio guztiek beraien zamalanetarako tokia dutela adierazi dute.
“Udalaren
erantzuna, baina, gure komertzioen aurrean edukiontziak jartzea izan da”, kexu dira komertzioko jabeak: “Beherago dagoen zamalanetarako eremua handitu zuten, eta bertako edukiontziak gure komertzio aurrera ekarri zituzten”.
Komertzio zein bezerentzako “benetako beharrizana” dela erakutsi nahi dute, eta horregatik,
firma bilketagaz hasi dira.