Astra inguruko oinezkoentzako pasabideko lanak uda bukaeran hastea aurreikusten du Gernika-Lumoko Udalak
Iparragirre kalea eta Astra batuko dituen oinezkoentzako pasabideko lanak uda bukaeran hastea aurreikusi du Gernika-Lumoko Udalak. Pasabidea bera, urte bukaerarako edota “asko jota” urte hasierarako prest egongo dela esan du Jose Maria Gorroño udalerriko alkateak.
Pasabidearen proiektuak tren geltoki ondoan kokatutako tren igarobidetik oinezkoak igarotzea saihestuko duela adierazi du udalak. Baita, pasabideak Astrako aparkalekuan autoa uzten duten herritarrei erdigunera hurbiltzea erraztuko dietela. “Astran aparkatzen duten erabiltzaileek ibilbide luzea egin behar dute erdigunera heltzeko, eta gainera, trenbidea pasatu behar dute, horrek dakarren arriskuagaz”, esan du Gorroñok.
Trenbidearen gaineko zubiak bost metroko altuera eta hamasei metroko zabalera izango ditu; 2.800 metro karratu hartuko ditu beraz.
Herriko irisgarritasuna hobetzeko planaren barruan kokatutako proiektua da honakoa. Uda bukaeran lanekin hasteko asmoa dutela esan du udalak, eta 735.800 euroko balioa izango duela gehitu. Aurtengo aurrekontuko diru sailaren barruan dago kokatuta proiektua, eta 2018ko aurrekontua 23,4 milioi eurokoa da. “Gernika-Lumo gero eta herri erosoagoa izateko, eta bizitzaren kalitatea handiagoa izateko proiektua da honakoa; helburu horiek lortzeko lanetan gabiltza”, esan du alkateak. Izan ere, alkatearen berbetan, “inguruetatik ibiltzea” saihesten du pasabideakm eta “arriskua” gutxitu.
Herriko guneei balioa. Proiektu honek gainera, herrian “gutxi erabiltzen den inguruari” balioa emango diola esan du Gorroñok. Correos aurreko gunea eta Astra lotuko ditu pasabideak, eta Correos aurreko espazioa “aisialdirako gune izateko” egokituko dutela aitortu du alkateak.
Lurzorua aldatuko da eta granitozkoa jarriko da: “Gunea berriztu nahi dugu, orain arte herritarrek ez baitute aisialdirako erabiltzen; igaro besterik ez dira egiten”.