Birziklatze arduratsuaren kudeaketarako webgunea sortu du Gernika-Lumoko Udalak

www.gernikalumonaturarekinbat.com webguneak hondakin kudeaketari buruzko informazioa eskuragarri jartzea, eta informazio garbia eta osoa ematea du helburu. Gernika-Lumoko Udaleko Ingurumenerako Sailak “herritarren hondakin kudeaketa arduratsua” sustatzeko webgune berria jarri du martxan.

“Gernika-Lumo naturarekin bat” ekimenean sortutako webgunearen helburuak hiru direla jakinarazi du udalak. Ingurumenaren eta herritarren elkarbizitzaren gaineko kontzientziazioa lortzea da lehendabizikoa. Herritarrak udalerriko kudeaketa sailkatura eta bilketa zerbitzuaren errekurtsoetara hurbiltzea da bigarren helburua; zerbitzuaren katalogoa eta ordutegia herritarrek ezagutzea lortu nahi du. Baita gertakariak aurkezteko “komunikazio bidea” sortzea.

Udalak adierazi modura, 2017ko hondakin kudeaketaren datuek 9 puntuko igoera izan zuten azken urtean “herritarrek hartutako kontzientziazioari esker”, eta Maria Uribe Ingurumenerako zinegotziak “bide hori jarraitzen” animatu gura ditu herritarrak. Hori horrela, zinegotziaren esanetan, plataforma berriaren bitartez “gernikarrek tresna berri bat dute orain arte egindako birziklatze lana hobetzeko”.

Zerbitzuei buruzko informazioa. Birziklatze arduratsuaren kudeaketarako sortutako webgune berriak bilketen ordutegiei zein eskaintzen diren zerbitzuei buruzko informazioa ematen du. Besteak beste, bide garbiketari, bilketa ordutegiari, garbiguneari, eta kontsultetara bideratutako postontziari buruzko datuak eskaintzen ditu.

Udalerriko Ingurumen Sailak martxan jarritako webguneak informazioa emateaz ez ezik, informazioa jasotzeko atala ere izango duela adierazi du udalak. “Aldizka eguneratuko den informazioa jasotzeko atala izango du, eta herritarren interesekoa den informazio eguneratua emango du; ezarrita dauden zerbitzuei buruzkoa”.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend