Bigarrenez ospatuko da
Gu be zuek gara jaialdi solidarioa maiatzaren 20an Gernika-Lumon, eta ekintzaz beteriko eguna antolatu dute. Eguna heldu bitartean marea urdina prestatzeko eta herritarrek beraien elkartasuna adierazteko bideo birala grabatuko dute domekan 12:00etan Pasealekuan. Antolatzaileek herritarrak hurbiltzeko deia egin dute, “denok jaialdiaren parte izateko”.
Haurren Minbiziaren Humanizazioa eta Ikerketarako, eta Hezur-muinaren Dohaintzari zabalkundea emateko jaia da elkartasun maratoia. Haur minbizia sozializatzea eta normalizatzea lortu nahi du jaialdiak, eta lan hori apirila eta maiatza bitartean ere burutu dute antolatzaileek; hitzaldiak ematen aritu dira herriko ikastetxeetan.
Aurtengo helburu nagusia tratamendu onkologikoan dauden haur, nerabeentzat eta familientzat Barakaldoko Gurutzeta auzoan arnasgune izango den itxaron gela egokitzea da. Gaur egun, Gurutzetako Ospitaleko Hematologia eta Pediatria Unitateak ez du halako gunerik; ez dira, beraz, bertan eroso sentitzen. Gainera, haurrek “egoera latzean, ordu asko itxaron behar dituztelako beharrezkotzat” ikusi dute arnasgunea sortzea.
Gela hori ospitaletik kanpo kokatzeko udalaren eta ospitalaren baimenak dagoeneko badituztela adierazi dute antolatzaileek, baina burutzeko dirua behar dutela gehitu dute. Iaz 9.000 pertsona hurbildu ziren Gernika-Lumora, eta 40.000 euro inguru lortu zituzten umeen minbiziaren ikerketan laguntzeko. Aurten, “jende gehiago hurbiltzea” dela asmoa adierazi dute, eta “iazko diru kantitate bera lortuz gero, proiektua bere osotasunean burutzea posiblea” izango dela gehitu.
Eguneko ekintzak. Domekako 10:00etatik 18:00etara bitarteko egitarau zabala burutu dute antolatzaileek. Helduen maratoi solidarioa 11:00etan hasiko da Merkurion, eta iazko ibilbide bera izango du; leku berean 11:45ean hasiko da 500 metroko umeen lasterketa.
13:00etan Oxabi erromeriak kontzertua emango du. Jon Gomez erromeriako abeslariak azaldu modura, hiru orduko kontzertua izango da, eta Euskal Herriko musika talde ezagunetako musikariak hurbilduko dira. “Erromeria taldea ganerez, beste taldeen abestiak jotzen ditugu. Aurten, maiatzaren 20an kontzertu berezia emateko helburuagaz talde horietako musikariak gonbidatu ditugu. Besteak beste Gatibu taldeko Alex Sardui eta Haimar Arejita, Hesian taldeko Zuriñe Hidalgo edota Vendettako Pello Reparaz izango dira kolaborazio lanetan”.
Eszenatokira Dientes de Luna taldekideak ere igoko dira, beraiek Onintza Enbeitaren laguntzaz egin baitute aurtengo
Gu be zuek gara jaialdiko abestia. Aimar Cid taldeko abeslariaren berbetan, “jaialdirako egindako kantagaz oso gustura gaude, itxaropentsua da”. Gernika-Lumoko taldea egunean bertan Oxabi erromeria taldeagaz arituko da, “pare bat abesti” kantatzen.
Tonbola solidarioa eta elkartasun paella ere izango dira jardunaldian burutuko diren ekintzen parte.
Gernika-Lumo marea urdinagaz estaltzeko, eta jaialdiaren helburuari diruz laguntzeko, kamisetak saltzen dabiltza Ocho de Enero Kaleko 9. zenbakian oraindik. 5 euroren truke donazio moduan kamisetak jaso daitezke.
EGITARAUA:
- 10:00. Diana Segundo Olaetaren eskutik.
- 10:45. Ohorezko aurreskua. Zintaren ebakiera ekitaldiari hasiera emanez. Txosna gunearen irekiera, eta Aittitta Makurra Txaranga.
- 11:00. Helduen lasterketa (5km). Hasiera Merkurion eta helmuga Pasealekuan.
- 11:45. Umeen lasterketa (500 mt). Hasiera Merkurion eta helmuga Pasealekuan.
- 12:00. Umeentzako jolasak: Ehunzango jolasak, aurpegi margoketa, puzgarriak eta 3 xulo. Tonbolaren irekiera.
- 13:00. Gorputzak astintzeko kontzertuaren hasiera. Oxabi erromeria eta lagunak: Alex eta Haimar (Gatibu); Zuriñe eta Fran (Hesian); Asier eta Iñigo (Gozategi); Pello (Vendetta); Iñaki (Betagarri); Iñigo (ETS); Iñigito (Txapelpunk); Xabi Hoo (Enkore); Iker Villa (Revolta Permanent); Maren (La Voz kids); Dientes de Luna; DJ Txurru eta Oihan Vega eta sorpresak.
- 14:30. Paella solidarioa.
- 18:00. Jardunaldiaren amaiera.