Gernika 1882 antzezlanaren aurkezpena egin dute gaur goizean Gernika Antzerki Taldekoek Elai-Alai aretoan. Antzerkiaren zuzendari Mila Artetxe, Gernikazarrako eta gidoilari Vicente del Palacio eta Gernika-Lumoko Udaleko kultura zinegotzi Iñigo Magunagoikoetxea bildu dira bertan, antzezlanean parte hartzen duten herritarrekin batera.
Gernika eta Lumo batu ziren 1882ko urtarrilaren 8ari buruzko antzezlana da Gernika Antzerki Taldekoek sei hilabetetan zehar prestatu dutena. Gertakizun hori 40 lagunek taula gainera eramango dute, “era didaktikoan herriko historia ezagutzeko” modu egokia delako ustean.
Iñigo Magunagoikoetxea kultura zinegotziaren berbetan, “iaz antzeztutako
Gernika 1366 antzezlanaren jarraipena da aurtengoa”. Iazkoa “arrakastatsua” izan zela adierazita, antzerki taldeak “Gernikaren fundazioa balorean jarri” zuela adierazi du Magunagoikoetxeak. Taldearen bigarren antzezlanari buruz, “erronka berri bat” dela esan du, beraien asmoa balorean jarriz: “Gernikaren historiako beste urte esanguratsu bat jorratuko dute, izan ere, Gernikako hiribildua eta Lumoko elizatearen arteko lotura antzeztuko dute herritarrek”.
Vicente del Palacio gidoilariak 1882ko gertaera azaltzen duen antzerkia dela azaldu du, baina Angel Allende Salazar omentzen duen lana ere badela gehitu du, “bera izan baitzen garai hartan Gernika eta Lumo batzea Madrilgo Gorteetan proposatu zuena”.
Gernika Antzerki Taldearen talde argazkia.
“1882ko gertaera historikoa lantzen duen drama da antzezlana; Lumoko baserritarren eta Gernikako burgesen arteko eztabaida lantzen duena”, adierazi du Vicente del Palaciok.
Mila Artetxe zuzendariak “modu entretenigarrian herriko bizimodua nolakoa zen, zer gertatzen zen eta zelan izan zen Gernika eta Lumoren batura” azaltzen duen antzerkia dela gehitu du aurkezpenean. Gainera, antzezlanean agertuko diren pertsonaia guztiak errealitatean oinarritutakoak direla adierazi du, “dokumentazio lanari esker” lortutako emaitza dela esanez.
“Urduritasuna nagusi da azken aldian taldean, baina pozik gaude egindako lanagatik”, aitortu du zuzendariak. Horren harira, Magunagoikoetxeak, maiatzean estreinatuko den antzezlana “entretenigarria, ikustekoa eta ikastekoa” dela adierazi du.
Maiatzaren 11n, beraz, Gernika eta Lumo nola batu ziren azaldu eta taula gainera eramango duen antzezlanagaz gozatzeko aukera egongo da Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian, 19:30etan hasita. Hurrengo zapatuan, bigarrenez antzeztuko dute, ordu eta leku berean.
Antzezlana gazteleraz izango bada ere, euskarari ere keinu batzuk egingo dizkiote, euskarazko esamoldeak landuz. Bertaratu nahi duenak 2-3 aste lehenago izango du sarrera erosteko aukera 3 euroren truke Lizeon bertan. Hala ere, egunean bertan ere jarriko dituzte sarrerak salgai, Lizeon.