Monica Gutierrez: "Proiektua egiaztatu ondoren, burutzea gustatuko litzaiguke"
Egiaztatze prozesuan dagoen Life Vertalim proiektuak kontserba enpresek sortutako isurketek sortzen duten arazoa konpontzea du helburu, hondakin urak hiri sareamenduko sarean bilduz. Arrain kontserben isurketek itsas ekosisteman eragiten duten inpaktua murrizteko sortutako proiektuaren ( Life Vertalim) koordinatzaile teknikoa da Monica Gutierrez.
Zertan datza Life Vertalim proiektua?
Life Vertalim deitutako proiektua eremu berean dauden elikadura enpresa txikietako isurketek sortzen duten kutsadura arazoa konpontzean datza. Hau da, enpresa txikiek sortzen dituzten isurketak hiri saneamendurako sistemaren barruan sartzea, eta itsas ekosisteman eragiten dituzten inpaktuak murriztea. Proiektuak balio duela frogatzeko lanetan ari gara.
Zergatik sortu zen Life Vertalim proiektua?
Enpresa handiek dituzten araztegi osoak inguruko enpresa txikietan ezartzea ezinezkoa zela ikusi genuen, kostua oso handia izango zelako. Horretarako, ordezkoa zen aukera pentsatu genuen Aztitik, kontserben sektorean egingarria zena. Hau da, isurketak hiriko sareamendu sarean ezartzea erabaki genuen. Baina enpresetan araztegi osoa ezartzea ezinezkoa zela bagenekienez, isurketen tratamendu errazagoa bideratzen zuen araztegi txikiagoa ezartzea erabaki genuen enpresa bakoitzean; konektore nagusira eramateko ur egokia sortuko zuena. Eta hori da gauzatzen gabiltzana.
Zeintzuk dira proiektuaren helburuak?
Ura kudeatzen duten entitateentzako eta elikadura sektoreko enpresa txiki eta ertainentzako kudeaketa tresna erabilgarria garatzea da helburua. Guk sortutako kudeaketa tresnak esandakoa egin dezakeela frogatu behar da. Proposatutako irtenbidea integratutako aukera dela, eta aspektu teknikoak, legislatiboak eta ingurumenekoak errespetatzen dituela erakutsi behar dugu. Gainera, kontserben industriak eragiten dituen kutsadurak murriztu ahal ditugula, eta horrek ingurumenean ondorioak ez dituela eragiten egiaztatu behar dugu.
Proiektuaren bigarren fasean dago. Zenbateko denbora tartean burutzea espero da?
2016ko uztailean hasi zen proiektua da, eta 2019ko abenduan bukatuko da. Lea-Artibai eskualdean egiten ari den frogatze fasea bukatuko da abenduan, baina balizkoa dela frogatu ondoren, proiektuak bertan jarraituko du; izan ere, arrain kontserben isurketek itsas ekosisteman eragiten duten inpaktuarekin zerikusia duten alde guztiak batzea lortu dugu. Proiektuaren aspektu garrantzitsuenetarikoa elkarlana dela azpimarratuko nuke.
Zer da orain arte Aztitik egin duzuena?
Igaro den urte eta erdian kontserba fabrikekin lan egiteaz arduratu gara, eta beraien produkzioa eraginkorragoa bihurtzeko teknikak eman dizkiegu. Enpresa gehienek beraien produktua asko babesten dutenez, ez dugu produktua bera moldatu nahi izan. Baina enpresek sortzen dituzten isurketak eta azpi produktuak errentagarriagoak eta jasangarriagoak izateko aholkuak eman dizkiegu lehenengo fasean. Bestalde, Berriatuako enpresekin lan egiten ari gara, eta bigarren fasean, beraien isurketa propioak Ondarroako ur hondakinen hiri saneamenduko sarean integratzeko prozesua gauzatu dute. Araztegi txikiak beraien instalazioetan jarri dituzte. Hala, enpresek sortzen dituzten isurketak Ondarroako ur hondakinen araztegira egokitzen dira.
Zergatik instalatu behar izan ditu enpresa bakoitzak araztegi indibidualak ?
Berriatuako enpresen isurketak bere horretan kutsatzaileak izan ez arren, gazitasun eta koipe askokoak dira. Gazitasun horrek araztegiko makinen funtzionamendu eskasa sor dezake, eta koipeak arazo bera sortzen du, baina fabrikako konektore guztietan eragiten du horrek. Enpresetan instalatutako araztegi txikiek koipea kanporatzen dute, eta gazitasun maila murriztu.
Zein momentutan dago orain Life Vertalim proiektua?
Ur Patzuergoa sentsore berezi batzuk instalatzen aritu da kontserba enpresa zein bestelako konektoreetan. Sentsore horiei esker, isurketen gazitasun maila zein ur kantitatea zein den jakitea posiblea da. Bitartean, simulazio plataforma bat sortu dugu, isurketen urruneko kontrola gauzatzen duena. Plataforma horien bitartez, isurketak noiz eta nola bidali behar diren jakingo dute enpresek, eta araztegiak bakoitzaren energia neurtzea ahalbidetuko du. Horrela, urte bukaeran, gomendio eraginkorrak emateko prest egongo gara; arazoak daudenean nola jokatu behar den azaltzeko.
Egiaztatze prozesua bukatu ostean, zein da Life Vertalim proiektuaren etorkizuna?
Instalatuko ditugun sentsore guztiak enpresetan eta araztegian geratuko dira, baita araztegi indibidualak ere. Proiektua egiaztatu ondoren, burutzea gustatuko litzaiguke. Proiektu hau beste eremu batzuetan erabilgarria ere badela ikusarazi nahi dugu; Mutrikun edo Bermeon, besteak beste. Europan ere, proiektua Sizialara (Italia) eramatea gustatuko litzaiguke. Busturialdeko Ur Patzuergoarekin kontaktuan gaude, baita Bermeoko Serrat enpresarekin ere. Markina-Xemeingo enpresak ere interesa agertu dute, baita Gipuzkoako Ur Patzuergoak.