Okupazioaren harira atxilotutakoa maiatzaren 2an epaituko dute Bilbon
Gernika-Lumon atzo atxilotutako Gazte Asanbladako kide bat epaituko dute agintaritzaren aurkako atentatua egitea egotzita. Epaiketa maiatzaren 2an 10:00etan izango da Bilbon.
Gaur goizean, epaitegian deklaratu ondoren, datorren hilabetean epaituko dutela adierazi dute gazteek, eta berarentzako bost hilabeteko kartzela zigorra eskatzen dutela jakitera eman dute.
Okupatutako eraikinaren barruan zeuden bi gazteren eta ertzaintzaren arteko gatazkagatik epaituko dute Egurre Gazte Asanbladako kidea. Bi gazteak Gernika-Lumoko komisaldegira eraman zituzten atzo arratsaldean; euretako bat atxilotu, eta bestea atxikitzeko interdiktu zuten.
Gazte Asanbladako kideen berbetan, “Okupazio Bulegoko abokatuak eraikinetik atera zirenean, ertzainak etxebizitzetara sartu eta bertan zegoen gazteari indetifikatzeko eskatzearen ondorioa” izan zen gertatutakoa.
“Hirugarren pisuan zegoen, eta atxikitzeko interdiktu zuten gaztea lau bider identifikatu zuten ertzainek goizean. Berriz ere gauza bera egiteko eskatu zioten, eta honek ez zuela nortasun agiririk esanda atxilotu zuten”. Gazte Asanbladakoek esan dutenaren arabera, “indarrez” atera zuten eraikinetik.
Hori gertatu bitartean, beheko pisuan zegoen gaztea gora hurbildu zela esan dute gazteek. Orduan, “ertzainek indarkeri osoz” atxilotu zutela aitortu dute.
Atxiloketa gertatzen zen momentuan, Gazte Asanbladako kideen abokatuak hurbildu ziren, eta ertzainek lehendabizi “erresistentziagatik” atxilotzen zutela azaldu zieten. Hala ere, “jarraian ertzainek iritziz aldatu” zutela adierazi dute gazteek, eta “agintaritzaren aurkako atentatuagatik” atxilotzen zutela egotzita eraman zuten asanbladako kidea.
Komisaldegitik atera ostean, Gazte Asanbladako bi kideak ospitalera joan zirela esan dute gazteek, eta biek medikuaren lesioen txostena eskatu zuten. Hala ere, oraindik ez dutela salaketarik jarri adierazi dute gazteek.
Prentsaurrekoa. Jardunaldi osoan emandako gertaerak aztertuta, Egurre Gazte Asanbladako kideek prentsaurrekoa egitea erabaki zuten atzo, eta bertan, ertzainen jarrera kritikatu zuten: “Gure etsai argiak izanik, burgesak defendatu eta gure interesen aurka jokatzen dute beti”.
Bertan, beraien okupazioaren aldeko argudioak plazaratu zituzten. “Jabeek duten beharrizan eza, eta herriak dituen beharrizanak betetzen dituen proiektu hau martxan jarri genuen, eta beraien nahien kontrakoa dela argi erakutsi digute”, adierazi zuten prentsaurrekoan.
“Langile klasearen interesen arabera eraikitzen jarraituko dugu, inongo beldur barik, eta beti burgesiari jabetzak kenduz, langile klasearen mese eginez”, esaldiagaz beraien interesak argi utzi zituzten.