172.130 kilo hondakin organiko birziklatu dituzte Gernika-Lumon
Gernika-Lumoko birziklatze tasa %7 igo zen iaz 2016. urteagaz alderatuta; herrian %22 birziklatu zen 2016an, eta 2017. urtean berriz, %29. Guztira 172.130 kilo hondakin organiko eta 702.706 kilo kartoi eta papel bildu ziren.
Hondakin organikoetan 172.130 kilo batu ziren, 2016an baino 162.000 kilo gehiago. Urte hartan, 9.490 kilo besterik ez ziren batu, baina datu hori ez dela “esanguratsua” azaldu du Maria Uribe Inguruemenerako zinegotziak: “2016. urteko urrian ezarri zen birziklatze sistema berriarekin hasi zen hondakin organikoen bilketa, datu hori sinbolikoa da beraz”. Organikoen batze prozesua bi eratara egiten dela gaineratu du Uribek; edukiontzi marroiaren eta atez ateko bilketaren bidez.
Gernika-Lumoko bilketa zerbitzuaren “ahalegina” ere azpimarratu du zinegotziak, eta hondakin organikoak birziklatzeko udalak egiten duen ahalegina “handia” izan dela adierazi du: “Biztanle kopuru antzekoa duten Bizkaiko bi herrigaz alderatuta, Gernika-Lumon beste herrietan baino 100.000 kilo hondakin organiko gehiago batu ziren iaz. Beste herrietan, 70.000 kilo hondakin organiko batu zituzten, eta gure herrian aldiz, 172.000 kilo baino gehiago”.
Kartoi eta paper hondakinei dagokienez, 2017. urtean 702.706 kilo bildu ziren herrian, 2016. urtean baino 223.000 kilo gehiago. Igoera hori kalean jarritako edukiontzien erabileraz aparte, udalerriko garbiketa zerbitzuak egiten duen lanaren “ondorioa” dela adierazi du Uribek: “Garbiketa zerbitzuak dendetatik biltzen ditu paper eta kartoi hondakinak, eta hori da hondakin hauen igoera tasaren arrazoi nagusia”.
Beiraren bilketa “selektiboan” izandako kontzientziazioa “adierazgarria” izan dela gaineratu du zinegotziak, eta 2016an batutako 470.832 kiloetatik 527.329 kilora igo dela azpimarratu du. Kopuru hauek lortzeko Urriko Azken Astelehenean egindako kanpainak “eragin zuzena” izan duela adierazi du Uribek: “Atez ateko bilketa egin zen txosna, postu eta tabernetatik Urriko Azken Astelehenean. Bilketa hau ordu jakin batzuetan egin zuten garbiketa zerbitzukoek, eta batutako beiraren igoera suposatu zuen”.
Olioaren kasuan, 2016an baino 11.130 litro gehiago bildu ziren 2017an, eta plastikoaren hondakinen birziklatzean berriz, 15.047 kiloko igoera eman zen.
5. edukiontzia
Zarama bilketa zerbitzuagaz batera, Gernika-Lumoko Udalak hondakin organikoen bilketa selektiboa egiteko bosgarren edukiontzia jarri zuen martxan 2016. urtean. Sistema hori erabiltzeko 707 familiek izena eman, eta birziklatzeko kit bat jaso zuten; edukiontzi bategaz batera, kaleko edukiontzia zabaltzeko giltza eta poltsa birziklagarria eman zitzaien. “Konpostaren kalitatea hobetu eta ingurumena hobetzeko ekimenera aurten auzokide gehiago batuko diren itxaropena dut”, adierazi du Uribek.
Sistema berria
Birziklatzearen %7ko igoera 2016. urte bukaeran ezarritako bilketa zerbitzuaren ondorioa dela azaldu du Ingurumenerako zinegotziak, eta datu hauek batutako hondakin kiloetatik jasotzen direla adierazi du.
Kalean jarritako edukiontzi berriek eta hondakin sortzaile handien atez ateko bilketek osatzen dute 2016ko urrian ezarritako birziklatze sistema berria; eskolak, adineko egoitzak eta jatetxeak dira besteak beste hondakin sortzaile handiak. Birziklatze tasen igoeraren balorazio positiboa egin du Uribek: “Gernika-Lumoko hondakin organikoen bilketak lortu dituen kopuruak garrantzitsuak dira. Neurri bereko Bizkaiko beste udalerri batzuekin alderatuz, froga daitekeelako hondakin organikoen birziklatze maila askoz handiagoa dela”.