Ekitaldiak bukatzean balorazioak egitea normala da, ondo egindakoak azpimarratzeko eta hobetu beharrekoez ohartzeko. Lekuek jaialdiaren aurtengo bosgarren urtea “positiboa” izan da, herriko lekuetan urteroko jendeaz gain, aurpegi berriak batzea lortu du eta.
Era positiboan baloratu dute antolatzaileek jaialdiak aurten izan duen harrera, herriko giroa «piztu» zuela eta ekintza guztietara jendea hurbiltzea lortu zuela esanez: “Urtetik urtera gero eta jende gehiago hurbiltzen da, ezagunagoa baita Lekuek. Izan ere, aurpegi ezezagunak ikusi dira tabernetan jaialdiak iraun duen bitartean”. Herrian eta herritik kanpo geroz eta harrera “hobeagoa” duela uste du antolakuntza taldeko kide Txemak Sahelicesek.
Leku batera mugatu ez den jaialdia da Lekuek, eta jendeak ideia hori barneratu duela uste du antolakuntzako kideak: “Jendeak barneratu egin du jaialdiaren dinamika. Musikaz edo bestelako ekintzez gozatzeko, leku batetik bestera mugitu behar dela, alegia”. Ohiz kanpokoa den jaialdian jendeak lekuz leku ibiltzearen dinamikaz “gozatu” zuela uste du Sahelicesek.
Zuzeneko musikara zuzendutako jaialdia da Lekuek, baina musikaren munduaren barnean dauden beste arlo batzuei “lekua ematen” saiatzen direla adierazi du antolatzaileak. Ekintza horiek balorazio positiboa jaso dute aurten, jendea ekintzetan parte hartzera “animatu” zen eta.
The Reverend Shawn Amons. Argazkia: Hibai Agorria
Kontzertuak, hitzaldiak edota aurkezpenak ikusteko aukera izan zuten herrira bertaratutakoek. Asteko programazioa jendearentzako “erakargarria” izatea eta herritarrak lekuetara “hurbiltzea” bilatzen zuten antolatzaileek, eta lortu zutelakoan daude: “Baliteke aurreko urteetan egindako lanagatik izatea, baina aurten, jendearen erantzun zabala lortu dugu”.
Tabernak ere garrantzitsuak izan ziren jaialdiaren nondik norakoan, eta hauetan ere jendearen presentzia nabaritu zela aitortu du Sahelicesek: “Lekuek jaialdian berdin dio goizean, eguerdian edota arratsaldean programatutako kontzertua izatea tabernan, jendea hurbildu egiten da, eta hala gertatu da aurten”.
Sahelicesek uste du jaialdira bertaratu zen jendea ez zela soilik Astrara, Trinkete Antitxokora edota Iparragirre Rock elkartera mugatu, eta herriko tabernetan ere parte hartze handia izan zela nabarmendu du.
Gernika-Lumoko musikaren etxeak dira Iparragirre, Astra edota Trinkete, eta leku horietan eman ziren kontzertuak “oso ondo” egon zirela adierazi du antolatzaileak. Baita jende “asko” bertaratzea lortu zutela ere.
Sarrera eta bonoak. Jaialdiko ekitaldi batzuetan egoteko, bakarkako sarrerak zein bonoak eros zitekeen, eta aurten, joan den urtean baino irabazi gehiago lortu dituztela jakinarazi du Sahelicesek. 150 bono inguru saltzen zituzten aurreko urteetan, baina aurten, hogeita hamar bono gehiago saltzea lortu dutela adierazi du.
Kontzertuetarako bakarkako sarrerei dagokienez, zuzeneko ikuskizun batzuetarako sarrerak, esaterako, agortu egin ziren. “Glaukomako kontzertuagaz bete egin zen Iparragirre, eta The Reverend Shawn Amosegaz ia gauza bera gertatu zen, 220 sarrera saldu baitziren; El Inquilino Comunista taldeak Trinkete Antitxokoa bete zuen; eta, Astran antolatutako kontzertuek, batez beste, 100 sarrera saldu zituzten egunean”, adierazi du Sahelicesek. Datu horiek kontuan hartuta, jaialdiak jendearen artean “arrakasta” izan duela uste dute antolakuntzakoek.
Hobetzeko. “Beti dago non hobetu, baina jaialdiaren planteamendua bera egokia dela uste dut”, aitortu du Sahelicesek. Hala ere, gai bakoitza antolatzeko edo lantzeko ikuspegietan, beti zerbait hobetu daitekeelakoan dago. Jaialdia antolatzeko orduan, udaletxearen eta antolatzaileen arteko harremana sustatu beharko litzatekeela uste du antolatzaileak.
Geroz eta arrakasta handiagoa daukan jaialdiak utzitako doinuak positiboki baloratu dituzte, beraz, antolakuntzakoek, eta ikuspegi horregaz esan diote agur aurtengo lekuei.