Jon Enbeita: "Perfekzioa bilatzea existitzen ez den utopiaren bila ibiltzea da"
Disko bikoitza eta liburu formatuan egina da; kanta bakoitzaren alboan hausnarketa txiki bat sartu duzu. Hala, entzuleari hausnarketarako gonbitea luzatzen al diozu?
Hori da azken baten helburua. Kantuan doan mezuan sakontzen laguntzeko tresna bat dira hausnarketak. Gero baikotzak aterako ditu bere ondorenak.
Abestietako letrekin batera, hausnarketa horien bidez zure barruko gauzak plazaratzeko helburua izan al duzu?
Hausnarketa bakarrik ez, kantua bere osotasunean da nire barruko kezkak plazaratzeko baliabidea. Ez da ohikoa. Kontzertuetan egin izan dut, eta konturatu naiz entzuleak kantuan arreta jartzeko baliagarria dela. Diskoan gauza bera egin gura izan dut.
Irratian esan zenuen bihotzaren leihoa zabaltzea beharrezkoa dela, baina ez dela hain erraza, eta hori ere ikasten joaten dela. Zuk ikasi al duzu?
Ikasten nabil. Bihotzaren leihotik begiratuko bagenu, beste mundu batean biziko ginateke. Zabalik, lau haizetara, bizi behar dugu, denengandik ikasteko eta geurea eskaintzeko (ez inposatzeko) prest. Liburuaren hasierako lau bertsoak hausnarketa honetarako bide bat dira.
“Kantuan doazen mezuan sakontzen laguntzeko tresna bat dira hausnarketak”
Zuk esana da bakarlariaren irudia aldarrikatu gura izan duzula. Zer dela eta? Bakarlariaren irudia eta formatu txikiko kontzertuak. Zeu eta gitarra, apaindura barik. Entzulearengandik gertu, hartu-eman zuzena sortzeko. Mezuak hartzen du garrantzia dena. Zeure buruari asko eskatzen diozula eta konforme geratzea asko kostatzen zaizula aipatu duzu inoiz; disko honegaz konforme geratu zara? Sorkuntzan gabiltzan guztioi kostatzen zaigu egindakoagaz konforme geratzea. Geure buruari beti gehiago eskatzen diogu. Diskoan hobetuko nituzkeen gauzak daude, baina konforme geratu naiz, bai mezuagaz, bai musikaren jantziagaz, bai azalaren diseinuagaz. Nor izan da diseinatzailea? Naiara Goikoetxea erdi algotar erdi fiketarra. Lehen unetik ulertu zuen zer zen gura nuena eta zein zen mezu nagusia, eta azalean ezin hobeto irudikatu du. Oso profesionala da. Formatuaren ideia, berriz, emaztearena izan da. Zuk esana da: “Perfekzionista izan naiz, baina ikasi dut inperfekzioak ere oso bertute onak dituela, eta gustatzen zait inperfekzioa”. Perfekzionista izateak sortze prozesua baldintzatu izan dizu? Bai, zoritxarrez. Blokeatu egiten zaitu, ez zara inoiz gustura geratzen, eta, azkenean, zeure buruan konfiantza galtzen duzu. Beti hobetzen joateko ahalegina ondo dago, baina perfekzioa bilatzea existitzen ez den utopiaren bila ibiltzea da. Onartu behar gara garen moduan; geure alde on eta ez hain onekin, geure ahalmen eta mugekin, inogaz alderatzen ibili barik. Bakoitzak bere berezitasuna du. Bertsolari moduan zara ezaguna, baina 70eko hamarkadan ere gitarra hartuta plazaz plaza ibili zinen. Ordutik hona asko aldatu al dira plazak? Aldatu dira plazak, gizartea, egoera… dena. Kalitatea eskertzen zen arren, ez zen hainbeste begiratzen. Franco bizi zen, eta dana zentsuratik pasatu behar zen. Erresistentziaren, euskararen… arnasgune bihurtu ziren kontzertuak. Eta giro horren bila plazak bete egiten ziren. Mezua zen garrantzitsua, eta irudimena gehiago lantzen genuen, zuzenean esan ezin zena zeharka aditzera emateko. Iazko maiatzean Lizeo Antzokian aurkeztu zenuen lana. Grabaketan parte hartu genuen denok egon ginen, eta CDko kantu gehienak abestu genituen. Aurrekotik ere bai pare bat. Ia ordu biko emanaldia izan zen. Makalik nengoen, baina musikarien lan onari esker, itxuroso aurrera atera genuen. Eurei zer eskertu asko daukat. Aurten zuzenekorik ematea aurreikusita al duzu? CDa ez dut egin boloen zirkuituan sartzeko ametsagaz. Eginda nituen lan batzuk grabatuta utzi gura izan ditut, beste barik. Deituz gero, pozik joango naiz, taldeagaz zein bakarrik, formato txikian baldin bada, hobeto. Non eskuratu daiteke diskoa? Gernikako Endika, Auzokoa eta Arrien tabernetan. Elkar arduratzen da dendetan zabaltzeaz.