Partidua borobiltzea falta izan zitzaion atzo iluntzean talde gernikarrari. Lehia amaitzeko
zortzi minutururen faltan, hamabost puntuko aldeagaz aurretik zen markagailuan, baina, azken unean garaipenak ihes egin zion. Beste behin, tentsioz betetako partidu amaiera bizi izan zuten Lointekeko jokalariek. Azken laurdena 76-76ko berdinketagaz amaituta,
luzapenean erabaki zen partidua.
Talde galiziarra
aurkari indartsua da, eta bere kantxan are gehiago. Dia Ligaren sailkapenean laugarren postuan dago Star Center Uni Ferrol 34 puntugaz. Atzetik dago Lointek Gernika Bizkaia, hiru puntu gutxiagogaz.
Neurketa hasi eta berehala, duelo interesgarriak ikusi ziren: Arauko Donguegaz, Weisner Alstonegaz eta Prince Pinagaz. Lehenengo bost minutuen ostean, 9-3ko markagailuagaz zeudela, jokoa egokitzeko beharra ikusi zuen Mario Lopezek, eta hutsartea eskatu zuen. Buruz buruko jokaldiak ekiditea zen Lopezen asmoa, eta lortu zuen. Caldwell ez zen fin aritu, eta Molina sartu zuen haren ordez. Orduan, Pinak bederatzi puntu lortu zituen (horietatik sei bi hirukogaz).
Errenta gutxitzea lortu zuen Lointekek, baina, epailearen pare bat erabaki eztabaidagarrik markagailua iraultzea zaildu zion talde gernikarrari.
19-16ko markagailuagaz amaitu zuten lehen laurdena. Haren amaieran moduan, bigarren laurdenaren hasieran ere Pina valentziarra izan zen protagonista. Eta Gomezek ere bide berari jarraitu zion. Bi valentziarrek lan bikaina burutu zuten. Hala, 14. minutuan
markagailuari buelta ematea lortu zuten: 26-27. Baina, etxekoen erantzuna berehala ailegatu zen; eroso jokatuta, erraz saskiratu, eta
7-0ko partziala lortu zuten. Hori ikusita, Lopezek hutsartea eskatu zuen. Entrenatzailearen aginduen ostean, Caldwell hobeto aritu zen, eta Ariztimuñok bizitasuna eman zion neurketari. Baina, Cabrera eta Araujo etxeko jokalariek hamaika buruhauste eragin zizkien Lointekeko jokalariei; horien saskiratzeak geldiaraztea zen erronka nagusia. Hala, bi puntuko aldeagaz heldu ziren atsedenaldira: 40-38.
Neurketari berriro ekitean, Caldwell eta Dongue pibotak ondo elkar ulertu ziren, eta Gernika-Lumoko taldeak markagailuan aurretik jartzea lortu zuen (40-42). Esaterako, Donguek ia zortzi puntu jarraian egin zituen. Lointek erasoan ondo zebilen, baina galiziarren jokoa geldiarazteko defentsa sendotzea falta izan zitzaion. Hala ere, markagailuan zeukan aldeari eutsi zion. Ferrolgo taldeari saskiratzeak borobiltzea kostatu zitzaion hirugarren laurdenean, eta ez ziren gai izan Dongue geldiarazteko.
0-17ko partziala lortu zuen talde gernikarrak, eta dozena bat puntuko errentagaz heldu ziren azken laurdenera (47-59).
Pinaren hirukoagaz hasi zen laugarren laurdena.
15 puntuko aldea izan arren, ez zegoen ezer erabakita. Eta hori argi utzi zuen etxeko taldeak. Princek bi hiruko eta Vanderwallek beste bat egin zituzten. Gero, 7-0ko partziala ere lortu zuen Ferrolek, eta arriskua ikusita,
67-69ko markagailuagaz zeudela hutsartea eskatu zuen Lointeken entrenatzaileak. Hurrengo minutuak emozioz beterikoak izan ziren, eta hutsegiteren bat edo beste egin arren, bi taldeen jokoa bizia ikusi zen kantxan. Neurketa amaitzeko 69 segundo falta zirenean, 67-76ko markagailua zuten.
Baina, 34 segundo falta zirenean puntu bakarreko aldeagaz (74-75) jarri ziren galiziarrak. Caldwell estu hartu zuten aurkariek, eta saskiratzea huts egin zuen. Ferrolgo Princek, ostera, ez zituen jaurtiketa libreak huts egin (76-75). Hala, Lointekeko Donguek garaipena eskuratzeko aukera izan zuen, baina, jaurtiketa libre bat saskiratu eta bestea kanpora joan zen, eta 76-76 berdinketagaz luzapenaren txanda heldu zen.
Azken minutuetan jokalarien talentua agerian geratu zen. Etxeko hiru jokalarik jaurtiketa libreekin errenta handitu zuten. 82-76ko markagailuagaz, Lointekeko jokalariek bazekiten erantzun beharra zegoela, eta Pina ahalegindu zen, baina, taldeari asmatzea kostatu zitzaion. Bitartean, etxekoek ez zuten hutsik egiten. Alstonek esperantza apur bat eman zion talde gernikarrari; lau jaurtiketa libregaz markagailuko aldea murriztu zuen. Bi puntuko aldeagaz heldu ziren luzapenaren azken minutura (84-82), baina Ferrolgo Sanchezek Lointekekoen itxaropena ezerezean utzi zuen.
Domekan, derbia. Atzoko porrota ahaztu, eta domekako partidua prestatzea da orain talde gernikarraren lana. Lacturale ART
Araski talde gasteiztarraren kontra jokatuko du
Malosten, 18:00etatik aurrera.