Lointek Gernika Bizkaiak eta Spar Citylift Gironak
EuroCup-eko 4. jardunaldia lehiatu zuten atzo Fontajaun, eta 81-68 nagusitu zen talde katalana.
Multzoko faboritoa zein Emakumezkoen Ligako talde indartsuenetarikoa zergatik den erakutsi zuen Gironak, beste behin. Hain zuzen, aurreko asteburuan leku berean jokatu zuten
ligako 6. jardunaldiari zegokion partidua, eta hamar puntuko aldeagaz irabazi zuen etxeko taldeak (80-70). Bost egunetan bi partidu jokatu dituzte elkarren kontra, eta talde gernikarrak beren jokoa eginez, erasoan kalitate altuko jokaldiak erakutsi ditu.
Baina, azken porrotak albo batera utzi, eta
biharko etxeko partidua irabaztea da orain Lointekeko jokalariek duten erronka. Star Center-Uni Ferrol talde galiziarra hartuko du Malosten (
20:00).
Argazkia: EuroCup.
Atzo arratsaldeko partiduari dagokionez, hasiera bikaina burutu zuen Gernika-Lumoko taldeak, eta Anna Gomez nabarmendu zen. Bigarren laurdenean faltek taldearen barne jokoan eragin zuzena izan zuten, eta marearen kontra boga egitea egokitu zitzaien. Hala ere,
gogotsu borrokatu ziren, Girona handiari hortzak erakutsiz.
Nuria Martinez jokalari katalanaren hirukoagaz hasi zen neurketa. Etxeko taldea biziago kantxaratu zen, baina talde gernikarra ere ez zen atzean geratu. Anna Gomezek ere bere hirukoa lortu zuen, Alstonek kontraerasora joz markagailuko aldea murriztu zuen (9-7), eta Bas eta Devaughn ondo moldatu ziren. Hala, kezkatuta, Suris Gironako entrenatzaileak hutsartea eskatu zuen.
Gero, Alstonen hirukoagaz lau puntuko aldeagaz jarri ziren (14-10), baina lehen laurdena amaitzean etxekoek sei puntuko abantaila izan zuten (16-22).
Bigarren laurdenaren hasieran erreboteetan zein erasoan oso ondo aritu ziren Lointekeko jokalariak, eta etxekoek, aldiz, hainbat hutsegite egin zituzten. Baina berehala berpiztu zen Girona, eta Lointekek gogor ordaindu zituen bere hutsegiteak. 17-2ko partziala lortu zuen etxeko taldeak.
46-34ko emaitzagaz heldu ziren atsedenaldira, eta bigarren zatia hastean aurreko minutuetako egoera bera errepikatu zen. Talde gernikarraren hutsegiteak ondo aprobetxatu zituen etxeko taldeak. Defentsan lan handia eduki zuen Lointekek, eta zenbait momentutan 22 puntuko abantaila izan zuen Gironak. Hala ere, Diezen, Alstonen eta Gomezen hirukoei esker bizirautea lortu zuen Lointekek.
66-50ko markagailuagaz heldu ziren azken txanpara. Defentsa lan sendoa bai, baina erasoan eraginkorrago aritzea falta izan zitzaion talde gernikarrari. Partidua amaitzeko sei minutu eta erdira 69-57ko emaitzagaz ziren.
Hurrengo minutuetan Lointekeko jokalariak erasoan hobeto aritu ziren. Esaterako, Naiara Diez kapitainaren hirukoagaz 71-60ko markagailuagaz jarri ziren, eta lan handia eginez, eta puntuz puntu joanda, markagailuko aldea murriztu zuten. Baina, ahaleginak ez ziren nahikoa izan, eta etxeko taldeak beren jokoari eutsi zion garaipena ziurtatzeko.
Partiduaren amaieran
Mario Lopez Lointek Gernika Bizkaiaren entrenatzaileak EuroCupeko aurreko jardunaldian atzo baino “zentratuago” aritu zela taldea adierazi zuen. Hala ere, bi partiduetan hasiera ona eduki zutela nabarmendu zuen. Baina, laurden batean aurkariak hain abantaila handia ateratzeak azken emaitzan eragin zuzena duela gogora ekarri zuen. “Gironak duen kalitateari aurre egitea konplikatua da”.
Bigarren laurdeneko partziala erabakigarria izan zela uste du Lopezek. “Hala ere hirugarren laurdenetik aurrera aldea murrizten ahalegindu gara; partiduan egon, lehiatu eta sentsazio onekin amaitzen saiatu gara. Taldeak defentsa maila altua mantendu du azken momentura arte”. Alabaina, erasoan huts egin zutenean, defentsan sendoago egitea falta izan zitzaiela deritzo: “Erasoan erritmoa hausten digutenean defentsan eragina izaten du, eta atzean ez dugu berdin lan egiten, eta uste dut hori giltzarria izan dela”.
Biharko partidua ere garrantzitsua dela nabarmendu zuen Lopezek.
Hiru aste barru Casillan. EuroCup txapelketako taldekako faseko azken bi jardunaldiak etxean jokatuko ditu Lointek Gernika Bizkaiak.
Azaroaren 22an Cegled talde hungariarraren kontra jokatu du, eta Frantziako Basket Landes taldea izango du aurkari azken jardunaldian.