Mutriku-Deba errepidea hobetzeko lanek hamalau hilabete iraungo dute
Egitasmoa aurkeztu dute Gipuzkoako Foru Aldundian. Oinezkoentzako bideak bi metroko zabalera izango du. Bost hilabete inguruan guztiz itxita egongo da errepideaGI-638 errepidea hobetzeko eta Mutriku eta Deba oinez ere komunikatuko dituen bidea egiteko ...
Egitasmoa aurkeztu dute Gipuzkoako Foru Aldundian. Oinezkoentzako bideak bi metroko zabalera izango du. Bost hilabete inguruan guztiz itxita egongo da errepidea
GI-638 errepidea hobetzeko eta Mutriku eta Deba oinez ere komunikatuko dituen bidea egiteko lanak hamalau hilabetez luzatuko dira. Hori jakinarazi zuten barikuan Gipuzkoako Foru Aldundian egindako agerraldian.Iragarri bezala, obrak 2018ko udazkenean hasiko dira, eta 11 milioi euroko kostua izango dute.
Diputatu nagusi Markel Olanok adierazi zuen, errepide hori dela Mutrikuk lurraldeko gainerako herriekin komunikatzeko duen ia bide bakarra, eta GI-638 errepidearen hobekuntzak, hortaz, nabarmen hobetuko dituela mutrikuarrek Gipuzkoako biribilgunera eta Mendaroko ospitalera dituzten loturak. Ildo beretik jo zuen Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkateak ere: «Komunikazio mailan asko irabaziko du herriak, eta psikologikoki ere garrantzitsua izango da lotura hori izatea».
Kostako errepidearen hobekuntzen artean, Mutriku eta Deba elkartuko dituen oinezko bide bat ere egingo da. Oinezko bideak 2 metroko zabalera izango du, eta gaur egungo laugunean tokirik ez dagoen zatietan, hegal moduan egingo da. «Hobekuntza nabarmena izango da debarrentzat eta mutrikuarrentzat», esan zuen diputatu nagusiak. «Auto gidarien segurtasuna handitzeaz gainera, gipuzkoarren bizi kalitatea hobetzea da gure lehentasuna. Eta oinezko pasealeku horrekin herri hauetako biztanleek gure itsasertzeko paisaiaz gozatu ahal izango dute, ibilaldi osasungarriak eginez».
Bestalde, Bide Azpiegituretako diputatuak azpimarratu zuen, azken urteotan hainbat lan egin direla Mutrikuko sarbideak hobetzeko konponbide egoki bat aurkitzearren. «Zirkulazio handiko errepidea da, eguneko batez besteko intentsitatea 6.000 ibilgailukoa da, eta, gainera, bi udalerri horiek lotzen dituen errepide bakarra da ia. Konponbide bat bilatu nahian, hainbat azterlan egin dira, eta kasu guztietan frogatu da Kalbariogaina-Sasiola-Astigarribia (GI-3230) errepidetik doazen hautabide guztiek edo ingurumen eragin handiak sortzen dituztela edo ez direla oso funtzionalak. Horrez gain, hautabide guztiak oso garestiak dira», Aintzane Oiarbidek adierazi duenez.
Ipitxarri eta Alkolea
Testuinguru horretan, gauzatuko den proiektuaren helburuak bi dira: GI-638 errepidean plataformaren zabalerari dagokionez dauden gune arazotsuak hobetzea, eta geoteknikoki konprometituak diren eremuak finkatzea. «Galtzada hiru metroraino zabalduko da, eta ibilbideko bihurguneak eta arazo gehien eragiten dituzten puntuak leunduko dira. Jarduera nagusienak Ipitxarri bihurgunean eta Alkolea Muturrean egingo direla zehaztu zuen Bide Azpiegituretako diputatuak. Diputatuak azpimarratu nahi izan zuen obrak inguruko zirkulazioan izango duen eragina. «Halako obra batek nahitaez sortu behar ditu eraginak. Hobekuntza lanek irauten duten bitartean, zirkulazio alternatiboaz arautuko da zirkulazioa, baina bost bat hilabeteko tarte batean, errepidea erabat itxita egongo da, eta Galbariogaineko alternatiba erabili behar izango da», aurreratu zuen Oiarbidek.
Bide Azpiegituretako foru diputatuak azkenik esan zuen, itsasertzeko errepide bat izanik, meteorologiaz gainera udako zirkulazioa ere kontuan hartu behar dela: «Obrak hasteko data baldintzatzea ekar lezake horrek».
Hilaren 27an Mutrikun egingo den aurkezpenean emango ditu xehetasun gehiago udalak. Zabielen batuko dira, 18:00etan.