Euskara planak duela 25 urte txertatu zirenetik enpresetan euskara sustatzen dabiltzanen lana ikustarazteko, bederatzi enpresetako ordezkariek jaso dute aipamena
Berriatuko Cikautxo eta Ajangizeko Maier enpresek aipamen berezia jaso zuten Elhuyarren aldetik, lantegietan euskara plana ezartzen egin duten lanagatik.
Enpresa horietan euskararen presentzia eta erabilera sustatzeko lanean dabiltzan pertsonen ordezkari gisa, Cikautxoko Ramon Mendiguren eta Maierreko Ager Zallo bertaratu ziren, eguaztenean Donostiako Tabakalera kultur gunean egin zen ekitaldira.
Azken 25 urteetan enpresetan euskara planak egiten hasi zirenetik bidelagun izan dituzten erakunde, bezero, lankide eta kolaboratzaileen lana aitortzeko ekitaldian «bereziki gogotsu» ibili diren pertsonak ikustarazi nahi izan dituztela azaldu du Manex Urruzola Elhuyarreko komunikazio unitateko arduradunak. «Enpresetan euskara bultzatzeko lan egin duten pertsonei aitortu nahi izan diegu aipamen hau, urte guzti hauetan gogotsu egin duten lanagatik», nabarmendu du Urruzolak.
Elhuyar fundazioaren enpresa laguntzaileak ere badira Maier eta Cikautxo. Beste enpresa eta erakunde batzuekin batera, irabazien zati txiki bat fundaziora bideratzen dute, horrek egiten duen lana bultzatzeko.
Euskara planak
1991 urtean hasi zen Elay taldea euskara planak abian jartzen. Elhuyar fundazioagaz batera, 25 urte horietan hainbat enpresekin egin dute lan. Gaur egun, 500 enpresa baino gehiagotan ari dira hizkuntza uztartzen, euskara planei esker.
Enpresetan euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko egitasmo hauek prozesu planifikatu baten ondorioa dira. Enpresa eta erakundeen ezaugarriak eta beharrizanak identifikatu eta hauei egokitzen zaizkien planak ideiatzen dituzte.
Diagnostikoa eta planen diseinua egiteaz gain, Elhuyarrek txertaketa prozesuaren jarraipena eta ebaluazioa ere egiten du enpresetan.
Beste alde batetik, erakundeek euskara ziurtagiriak eta diru laguntzak lortzeko irizpideak eta aholkuak ere ematen dizkiete arduradunei.
Ramon Mendiguren, Lutxi Garmendia Ager Zallo eta Elhuyar teknologia saileko Josu Aztiria. Argazkia: Elhuyar