Gazten enkanteko dirua emango diote etzi Kaltzada egoitzari
Urriko Azken Astelehenean Xaibor Diskofestak bi gazta erdi onenen enkantean ordaindu zituen 5.100 euroak Gernika-Lumoko Kaltzada egoitzari emango dizkiote, domeka honetan egingo duten jaialdian.
Urtero legez, egoitzaren jaialdia egingo dute, eta egun guztirako antolatu dituzten beste ekintzen artean, gazten enkantean ordaindutako dirua emango du Xaiborrek.
11:45ean egingo den ekitaldiara Jose Maria Gorroño gernika-Lumoko alkatea ere bertaratuko da.
Mende bat baino gehiago duen Kaltzada Egoitzak urtero hainbat kultur eta musika ekintza antolatzen ditu, bere jaieguna ospatzeko.
Txistularien doinuekin hasiko dira aurtengo ospakizunak, 10:30ean. Ostean, 11:00etan, meza egongo da. Protokoloari jarraituz, eukaristiaren ondoren, 11:45ean, 5.100 euroko balioa izango duen taloia emango diote egoitzari.
Horren ostean, dantzak eta Urdaibai Kantuz Kanturen emanaldia egingo dute. Goiz osoan pintxoak eta txakolina ere banatuko dituzte bertaratzen direnen artean.
Arratsaldean, berriz, haurrentzako IX. Literatur Lehiaketaren sariak banatuko dituzte, eta, ondoren, Gernika-Lumoko Adineko abesbatzaren saioa izango da.
Aurtengo Urriko Azken Asteleheneko gazarik onena Olaberriako Aizpea SC izan da. Xaiborrek 5.000 euroan erosi zuen. Bigarren saria Mutrikuko Goiene- txek eraman zuen; 100 euroan saldu zen.