Zain Dezagun Urdaibai Busturialdeko garapen eusgarrirako auzo elkarteak lege berria
baliorik gabe uzteko eskatuko du
auzitegian, behin araua indarrean dagoenean. Urdaibaiko Patronatuak
uztailean onartu zuen lege berria, eta
irailean onartu zuen Gobernu Batzordeak.
Hala ere, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren
Erabilera eta kudeaketa Zuzentzeko Plana (EKZP) ez da denen gustukoa. Zain Dezagun Urdaibaik
bost arrazoi nagusi eman ditu plan berria atzera botatzeko eskatzeko. Auzo elkarteko kide Erroxeli Ojinagak azaldu legez, lurraldearen erabilera eta kudeaketa zuzentzeko plan batek ezin du
babestutako lurraldea murriztu. Gainera, onartu berri duten EKZP ez da plan urbanistiko eta komarkala, Ojinagaren esanetan.
Foruko harrobia ere bada salaketarako beste arrazoi bat. “Harrobia ustiatzeko
baimena 10 urtez luzatu nahi dute, eta dagoeneko babestutako guneak inbaditu dituzte; bai azalekoak, lurzorukoak eta baita lur azpikoak ere”, kritikatu du Ojinagak.
Zain Dezagun Urdaibaik bost arrazoi nagusi eman ditu plan berria atzera botatzeko eskatzeko.
Era berean, planaren tramitazio epean
ingurumen inpaktuaren txostenik aurkeztu ez izana ere salaketarako arrazoia dela iritzi du Zain Dezagun Urdaibaik. “Azterketa egiten hasi ziren, baina gero ez dute ezer aurkeztu”, dio Ojinagak. Beraz, hori guzti hori
garapen iraunkorarren kontzeptuaren
aurka doala deritzote, eta, Ojinagak esan legez, zerbait babestuta badago, babes hori handitu daiteke, baina ezin daiteke murriztu.
EKZP aurkezterakoan, baina, plan horrek
administrazio prozedurak arindu, jarduera ekonomikoak sustatu eta Biosfera Erreserbaren babes eremuak %4 zabalduko dituela esan zuen Jaurlaritzak. Adierazpen hori “tranpatia” dela esan du Ojinagak, babes eremuak Europak errekak eta ibai ertzak babesteko onartutako zuentaraua betetzeagaz handituko direlako. “Europako zuzentarauak dio errekak eta ibai ertzak babes berezia behar duten guneak direla, eta zuzentarau hori kontuan hartu dute EKZPan. Horregatik diote babestutako eremuen kopurua %4 handituko dela. Lehen inguru horiek babestutako guneen kategoria zuten, eta uren babeserako legeak dio babes berezia duten guneak bezala kalifikatu behar direla”, azaldu du.
Europako zuzentarauak dio errekak eta ibai ertzak babes berezia behar duten guneak direla, eta zuzentarau hori kontuan hartu dute EKZPan. Horregatik diote babestutako eremuen kopurua %4 handituko dela”
Ojinagaren esanetan, babestutako eremuak,
handitu beharrean, murriztu egingo dira lege berriarekin. Orain arte babes normalaren kategoria zuten baso lurren
500 hektarea inguru hiri-lur bezala birkalifikatu dituzte; “horietatik 100 hekatearea inguru Muxikako industriagunean”, gaineratu du.
Europara, Madrilera eta Gasteizera. Orain arte indarrean zegoen legearekin ados zegoen Zain Dezagun Urdaibai. Eta lege berria baliorik gabe uzteko,
epaitegian ez ezik, Europan, Madrilen (Espainia) eta Gasteizen ere eskatuko dute. Unescon kexu zuzena aurkeztuko du, erakunde hori baita mundu zabalean Biosfera Erreserbak izendatzen dituena, eta Ojinagak esan bezala, Urdaibaiko Biosfera Erreserbak nazioarteko proiekzioa dauka. Era berean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan Bisofera Erreserba bakarra da Urdaibaikoa. Horregatik, berau babesteko eta irailean onartutako EKZP baliogabetzeko eskatu gura dute Eusko Legebiltzarrean, ez legezko proposamen baten bitartez. Horretarako, horren eskakizuna egingo die Zain Dezagun Urdaibaik legebiltzarrean ordezkaritza izango duten alderdi politiko denei. Ojinagak gogoratu duenez, Gobernu Kontseiluak EKZP onartu zuen aldeko 11 botorekin eta kontrako 7rekin. “Hala ere, batzar hartara askok huts egin zuten, deialdia denbora gutxirekin egin zutelako”, dio Ojinagak.
Bestalde, Espainiako legediak eragina du Urdaibaiko lurretan ere. Hori dela eta, Madrilgo Kongresuan ere eskatuko dute legea baliogabetzeko.