Gobernu Kontseiluak Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren
Erabilera eta kudeaketa Zuzentzeko Plana (EKZP) onartu du. Lurraldearen kontserbazio eta erabilera egokia bateragarri egiten dituen aurreko plana 1993koa zen. Urdaibaiko Biosferaren EKZP,Urdaibaiko Patronatoak
ere onartu zuen, urte honetako uztailean.
Besteak beste, plan honek
administrazio prozedurak arinduko ditu, jarduera ekonomikoak sustatzeko, eta Biosfera Erreserbaren babes eremuak %4 zabalduko ditu. Horretaz gain, testuak honako hau sustatzen du: «natura kontserbatzea eta lehengoratzea, lurzoruaren zonifikazioaren bidez; sentikorrenak diren ingurumen eremuen identifikazioa; eta, ekosistemak berreskuratzeari dauden beharren lehentasunak zehaztea».
Onartu berri den EKZP berriak,
herritarrei, Erreserbarekin lotutako edozein administrazio izapideren prozedura nabarmen erraztuko die. Honek nekazaritza eta turismo sektoreekin lotutako jarduera ekonomiko berriak sortzeko oinarriak ezarriko dituelarik.
«1993ko aurreko plana sakonki berrikusi ondoren sortu da berri hau, ezinbestekoa bai zen egoera sozioekonomiko eta ingurumen zein hirigintza arloetako araudi desberdinek baldintzatutako egungo errealitatera egokitzea», adierazi zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburu orde Iosu Madariagak.
Urdaibai bezalako Biosfera Erreserbak, UNESCOk bere
Man & Biosphere programaren barnean sortutako figurak dira, eta honako hiru helburu hauek dituzte: natura kontserbatzea, garapen jasangarria eta laguntza logistikoa, ezagutza zientifikora eta jasangarritasunerako hezkuntzara zuzendua.
Bestalde, plan berri honek eskualdeko
natura eta kultura ondarearen kontserbazio egoera hobetzeko helburua ere kontutan hartzen du, itsasertzean, ibai sareetan eta baso guneetan bereziki. Horretarako
lurzoruak eremuetan banatuko dituzte, sentikorrenak direnak identifikatuz, eta ekosistemen berreskurapenerako dagokien lehentasunak zehaztuz.
Plan berri hau onartzeko, herritarren artean parte hartze prozesua jarri zuten martxan. Berrikuspen publikoko fase honetan , dokumentuak ehun alegazio baino gehiago jaso zituen, norbanako eta entitateen eskutik. Alegazioen portzentaje handi bat, azken dokumentuan erantsi dutela adierazi dute.