Eguraldi txarrak, ekintza bandalikoek eta
salatu diren eraso sexistek ez dute jaietako giro ona lausotu. Horrela adierazi dute Aingeru Astui kultura zinegotziak eta eta Benito Ibarrolaza alkateorde eta Zerbitzu eta Udaltzaingoaren zinegotziak gaur egin duten prentsaurrekoan;
jaiak giro onean eta herritarren parte hartze garrantzitsuarekin ospatu direla nabarmendu dute biek.
Aurten jaiak herri guztira eta adin guztietara zabaltzeko “ahaleginak egin direla” adierazi du Astuik, baina “oraindik esfortzu hori egiten jarraitu behar dela” gaineratu du. Egon diren emanaldien artean Mariachi Imperial taldeak izan zuen harrera ona aipatu du zinegotziak. Umeentzako ekintzek ere oso parte hartze handia izan zutela adierazi du berak.
Irailaren 3ko
Erraldoikada eta Bermio dalako geure mundue ikuskizunak ere oso arrakastatsuak izan zirela nabarmendu du Astuik;
“gutxitan ikusten den jendetza batu zen”, esan du.
Eguraldi txarrak, batez ere, Santa Eufemia eguna baldintzatu zuen, eta
aurreikusita zeuden bi ekintza bertan behera gelditu ziren, euriaren ondorioz. Hala ere, Baserri giroko azokan parte hartzea izugarria izan zela adierazi dute.
Bestalde,
Urdaibai arraun taldeak Kontxako bandera eta Liga irabazi ondoren, irailaren 11n eta 18an, hurrenez hurren, egindako harrerek “poza handia eman ziguten, eta horrek ere jai giroa sortu zuen herrian”, adierazi du Astuik. Kontxako banderak
sukalki egunarekin kointziditu zuen, eta “autobusetan 500 pertsona inguru joan ziren Donostiara”, azaldu du Astuik. Horrek Talan jende gutxiago egotea eragin zuen, hala ere 104 kazola aurkeztu ziren.
Segurtasuna
Arrantzale eguna aipatuta, urtero legez,
talko hautsekin arazoak izan dituztela adierazi du Ibarrolazak. Bando eta kamunikabideen bidez hautsak ez botatzeko eskatu zuten udal agintariek; hala ere, jendeak hautsak erabili ditu, horrek sortzen dituen garbiketa arazoekin eta osasunarengan izan ditzakeen arriskuekin. “Asma pairatzen dutenengan osasun arazoak eragin ditzakete, eta lurzorua oso labainkor gelditzen da”, azaldu du Ibarrolazak.
Eraso sexistak ere aipatu ditu, eta esan duenez, “ez jaietan ez urtean zehar ez dute tokirik gure herrian”. Gainontzeko intzidentziei dagokienez, urtero ekintza bandalikoak gertatzen direla gogoratu du alkateordeak. Aurten komun kimikoak iraulita agertu dira eta bat uretara bota dute, hesi batzuekin batera. Irailaren 10ean ezezagun batek Lamerako paperontzi biri su eman zien eta Zarragoitxiko
igogailuan kalte handiak eragin zituen 22 urte gaztea identifikatu eta epaitegira diligentziak bidali dituzte.
Benito Ibarrolaza alkateordea eta Zerbitzu eta Udaltzaingoaren zingotziak eta Aingeru Astui Kultura zinegotziak eman dute prentsaurrekoa.
Udaltzaingoak, guztira, 424 interbentzio izan ditu: trafikoa, istripuak, lapurretak herritarren kexak, prebentzio lanak… Aurten hamahiru salaketa ipini dituzte telefono mugikorrak lapurtzeagatik. Erleak direla eta, Udaltzaingoak 26 aldiz Bizkaiko Foru Aldundiak ezarritako protokoloa aktibatu duela jakinarazi du. Beste urte batzuetan ez bezala, aurten ez da etxebizitzetan lapurretarik izan.
2 .000 kilo sastar gehiago
Aurten
garbitasun zerbitzuak indartu egin dituztela adierazi du Ibarrolazak, eta horrekin herri guztia garbi mantentzea lortu dutela azpimarratu du. Izan ere, jaietan ureztatzeko eta desinfektatzeko kamioi bat gehiago ipini du udalak, gidari eta laguntzaileekin. Gainera, sei langile gehiago egon dira jai egunetan garbitasuna bermatzeko. “Bai ostalariekin eta bai herritarrekin hitz egin ondoren, emaitza onak izan direla esan dezakegu”, aipatu du Ibarrolak.
Zerbitzu zinegotziak emandako datuen arabera, sastar-batze zerbitzuek 172.750 kilo sastar bildu dituzte, iaz baino 2.000 gehiago. Ontzien kasuan, 8.640 kilo batu dituzte, eta beirari dagokionez, 35.540 kilo, iaz baino 9.000 gehiago, gutxi gorabehera.