Gutxieneko zerbitzu «lotsagarriak» exijitu dizkietela salatu dute
ELAk dio zentzugabea dela Jaurlaritzak etxez etxeko langileen greban gutxienekoak ezartzea, «onuradunak bost egun egon daitezkeenean zerbitzua jaso barik»
Busturialdean etxez etxeko laguntza zerbitzua ematen duen Urgatzi enpresa azpikontratuko langileek greba egingo dute gaur hasi eta etzira arte. Jose Ramon Lasarguren Gernika-Lumoko ELA sindikatuko ordezkariak kritikatu du Eusko Jaurlaritzatik exijitu dituzten gutxieneko zerbitzuak «lotsagarriak eta gehiegizkoak» direla. Langileek betetzen dituzten funtzioak kontuan hartu gabe ezarri dituztela dio.
ELAk adierazi du zentzugabea dela gutxieneko zerbitzuak exijitzea, onuradunak bost egun egon daitezkeenean zerbitzua jaso gabe; Aste Santuan gertatzen den modura. Erabaki hori irizpide politikoei jarraituz hartu dela salatu dute, eta ez dela zerbitzua jasotzen duten onuradunengan izango duen benetako eragina kontuan hartu. «Greba oztopatzeko jarri dituzte gutxiengo zerbitzu horiek». Alegazioak ez dituztela kontuan hartu gaineratu du.
Grebagaz batera, etxez etxeko zerbitzua ematen duten langileek elkarretaratzea egingo dute gaur, 11:30ean, Gernika-Lumoko udaletxearen atarian, Foru plazan eta Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitate aurrean. Etzi manifestazioa egingo dute, 20:00etan, Foru plazatik.
Etxez etxeko laguntza ematen duten langileek bizi duten egoera prekarioa konponduko duen hitzarmena nahi dute.