Herriko
15 kultur taldek antolatuta, badator beste behin ere Erromeidxe. Hala,
zapatuan, euskal giroa izango da nagusi herriko kaleetan. Goizean, aurreko urteetako modura, Alde Zaharrak hartuko du protagonismoa.
Erromeidxe aurkezteko agerraldia egin zuten atzo
Aurten ere
berritasunekin dator Erromeidxe; lehenengoz,
bertoko produktuen azoka egongo baita Goiko Plazan. Antolatzaileek jakinarazi dutenez,
11:00etatik aurrera dastatu eta eskuratu ahalko dira hainbat produktu, eta
15 salmahai inguru egongo direla azaldu dute. Bestalde,
Kabidxe gune sozialaren ateak ere
zabalik izango dituztela diote: “Oraindik gunea ezagutzen ez dutenek egun aproposa dute Kabidxe ezagutzeko. Pintxoak, musika eta erakusketak egongo dira, besteren artean”.
15 talderen arteko elkarlanagaz sortutako jai eguna bada ere, edozein herritarrek parte har dezake.
12:00etan jarri dute hitzordua
Goiko Plazan. Handik, hiru taldetan banatuta, kalejiran ibiliko dira Alde Zaharretik, “hiru ibilbide ezberdin eginez”. Ondoren,
14:00ak aldera, talde guztien bilgunea izango da berriro ere
Goiko Plaza. Talde bakoitzak bere erakustaldia egingo du bertan, eta elkarregaz dantzatzeko eta abesteko aukera ere edukiko dute. Handik, Artza frontoirako bidea hartuko dute, kalejiran. Aurten, gainera, frontoira bajatzeko ere, talde ezberdinetan banatuta egingo dutela zehaztu dute.
15:30ak inguruan jesarriko dira
bazkaltzeko. Bazkal osteko kantuen eta dantzen ostean, berriz, Lamerara aterako dira. Iazko formatuari eutsita, aurten ere, Lameran egingo dute iluntzeko dantzaldia,
Zirkinik ez taldeagaz,
20:30ean.
Zozketak ere ez dira faltako,
lau sari zozkatuko dituzte: gizonezkoentzako jantzi tradizionala, otzara bat, pernila eta zenbait tabernetan kontsumizioak. Txartelak euro batera salgai daude.
Danontzako lekua dagoela gogorarazi dute, beraz, herritar guztiak animatzen dituzte Erromeidxen parte hartzera, “zenbat eta herritar gehiago, are eta giro hobea”.