Mundaka, Busturia eta Bermeoko Jai Batzordeek herrietako jaiak iragartzeko kartel lehiaketak antolatu dituzte. Mundakako San Pedro jaiak dira hiru herrietako goiztiarrenak, eta herri horretako jaietarako kartel proposamenak aurkeztu gura dituztenek, barikua dute azken eguna.
Interesa dutenek Mundakako Udalaren bulegoetan utzi beharko dituzte lanak, 09:00etatik 14:00etara. Parte hartzen dutenek, gehienez, lan bina aurkeztu ahal izango dituztela jakinarazi du udalak, eta horien gaia eta erabilitako teknika norberak aukeratu beharko ditu; betiere, DIN A2 formatuan egina badago. Aurkeztutako lan guztiek, gainera,
Mundakako jaiak 2016-San Pedro leloa eraman beharko dute.
Kartel lehiaketaren irabazleak 250 euroko saria jasoko du. Aurten oraindik, zehazteke du udalak saria noiz eta non emango duen.
Maiatzak 20, Busturian
Busturiko jaietako kartel lehiaketara lanak aurkeztu gura duten horiek, denbora gehiago dute; izan ere, kartel proposamenak aurkezteko azken eguna maiatzaren 20a izango da. Egun horretako 20:00ak baino lehen Altamirako Kultur Etxean aurkeztu beharko dira lanak, honako ordutegian: 09:00etatik 11:30era eta 16:00etatik 20:00etara.
Parte hartzaile bakoitzak, gehienez, bi lan aurkezteko aukera izango du, eta Busturiko jaietako kartel lehiaketan ere, gaia eta kartela egiteko erabilitako teknika «aukerakoak» izango dira. Hori bai, DIN A2 formatuan aurkeztu beharko dituzte, euskarri zurrunean eta honakoa idatzita: Busturiko jaiak 2016; San Kristobal, uztailak 8, 9, 10; Santiago eta Santa Ana, uztailak 23, 24, 25, 26; Paresi, abuztuak 4, 5, 6; Itsasoko Ama Birjinaren jaia, abuztuak 13, 14; San Bartolome, abuztuak 23, 24; Mikel Deunaren jaia, irailak 25.
Lehiaketaren irabazleak 300 euroko saria jasoko du.
Lehiaketari buruzko informazio gehiago eduki gura duten horiek 94-617 10 04 telefono zenbakira deitu beharko dute.
Kartel finalistak iaz, Bermeon
Herritarrek aukeratu
Bermeon, bestalde, uztailaren 1era arteko epea dago Andra Mari eta Santa Eufemia jaietarako kartel proposamenak aurkezteko. Gizarte eta Kultura Etxean aurkeztu beharko dira lanak, eta derrigorrez, hurrengo testua eduki beharko dute: BERMEOKO JAIAK 2016. Irailaren 7tik 16ra.
Aurtengo lehiaketak berritasun bat duela nabarmendu dute; izan ere, parte hartzaileek lanak euskarri informatikoan bakarrik aurkezteko aukera izango dute, lehenengoz.
Epaimahaia Jai Batzordeko eta artearen munduko herriko kideez osatuta egongo da. Lehiaketara aurkezten diren lan guztietatik finalistak aukeratuko ditu epaimahaiak. Uztailaren 5ean esango dute zeintzuk izango diren kartel finalistak, eta ondoren, irabazlea aukeratzeko prozesua herritarrei zabalduko die. Herritarrek bi modutan eman ahalko dute botoa: Gizarte eta Kultura Etxean jarriko den kutxa batean botoa emanez ala facebook bitartez. Pertsona bakoitzak boto bakarra eman ahalko du.
Kutxan jasotako botoek %70eko balioa izango dute, Internet bidezkoek, berriz, %30. Kartel irabazlea, puntu gehien jasotzen duen kartela izango da.
Irabazlea nor den jakin arte, parte hartzaileek ezin izango dute kartelen egileen nortasuna ez publikoki, ez eta sare sozialen bitartez adierazi. Hala egitekotan, kanporatu egingo lituzkete.
Bermeoko jaietako kartel irabazlea egiten duenak, 600 euroko saria jasoko du.
Hiru herrietan, egilearen izenik gabe eta izenburuagaz aurkeztu beharko dituzte lanak. Izenburu bera jarri beharko dute gutunazal itxi batean, eta horretan, egilearen datuak sartu beharko dituzte.