Lurgorrin eskola egokitzeko 30.000 euro bideratuko ditu udalak
Gernika-Lumoko Udaleko alkate Jose Mari Gorroñok Lurgorriko eskolak egokitzeko asmoa dutela jakinarazi zuen herenegungo udalbatzarrean. Haren esanetan, eraikin hori erabilgarria izan dadin konponketak egin behar dituzte, eta, horretarako, 30.000 eurok...
Aurrekontu hori teknikariek egindako txostena kontuan hartuta erabaki dutela adierazi zuen alkateak. Izan ere, eraikina gaitzeko, kristalak konpondu, txukundu eta herritarrentzat erabilgarria izan dadin, hornitu beharra dagoela azaldu zuen Gorroñok.
EH Bilduren erantzuna
EH Bilduko zinegotziek erabakia begi onez ikusi zuten; hala ere, herritarrei eraikinaren giltzak emateari ere garrantzia eman zioten. Koalizioko kideek azaldu zutenez, Lurgorriko eskolak lehendabizi herritarren esku egon behar du, gaur egun hara sartzerik ez dutelako.
Eskolak berritzearekin bat dator udalak iaz auzo horretarako aurkeztu zuen plana. 680.000 euroko aurrekontua izango du proiektu horrek, eta horretan jasotzen da Lurgorriko eskolaren inguruan atsedengune bat egokitzea ere. Plan horrekiko, baina, Lurgorri auzo kultur elkarteak bere desadostasuna azaldu zuen. Esan zutenez, auzokideei galdetu gabe eta haien beharrizanak kontuan izan gabe egin du udalak plana.