Ondarroako haurrek olgetan aritzeko lokal berria izango dute, Arriolanean
Udalak utzitako lokala Bixi Bixikan elkartearen eta Txirrimorraskiren artean kudeatuko da. Guraso eta denbora libreko taldeek udalaren eskaintza begi onez ikusiko duteOndarroako Udalaren eskutik, haurrek jolasteko beste espazio bat izango dute eskura, ...
Udalak utzitako lokala Bixi Bixikan elkartearen eta Txirrimorraskiren artean kudeatuko da. Guraso eta denbora libreko taldeek udalaren eskaintza begi onez ikusiko dute
Ondarroako Udalaren eskutik, haurrek jolasteko beste espazio bat izango dute eskura, Arriolaneko denda zegoen lokal berberean. Hainbat hilabeteko lanen ostean, datorren astelehenean irekiko ditu ateak 0 eta 7 urte bitarteko umeentzako topalekuak. Hain zuzen ere, Txirrimorraskik antolatu dituen Gabonetako Jolas Txokoen baitan estreinatuko da lokal berria.Denbora libre taldea, ostera, ez da lokala erabiliko duen talde bakarra izango. Udal Hezkuntza Batzordeko ordezkariek azpimarratu dutenez, lokala Bixi Bixikan guraso elkarteari eta Txirrimorraskiri utzi die euren jarduera egin ahal izateko. «Herriko hainbat gurasok eta Txirrimorraskiko kideek egindako eskariei erantzun nahian hasi genuen hau guztia aurreko agintaldian. Herrian ume txikientzat egoteko eta jolas garapenerako lekurik ez zegoela eta, arazo horri irtenbide bat eman nahian sortu zen egitasmoa. Bi taldeek, gainera, antzeko jarduera dutenez, toki berean batzea erabaki genuen. EH Bilduko lantaldeko kideok oso opozik gaude herriko hutsune horri irtenbidea eman ahal izan diogulako».
Lokal berria erabiltzaileen behar guztiak asetzeko prestatuta egongo dela ere aurreratu dute. Egokitutako komunak ditu umeen pixoiahalak aldatzeko eta guzti, eta horrez gain, batzar gela ere badu.
Lokala bera lau zatitan banatuta egongo den espazio irekia bihurtuko da; mugimenduaren alde motorikoa lantzeko txokoa, plastika txokoa, ipuin txokoa eta lau hankatan ibiltzeko egokituta egongo den txokoa egongo dira aukeran.
50 pertsona, gehienez
Erabilerari dagokionez, berriz, Txirrimorraskiren eta Bixi Bixikanen artean kudeatuko da. Astegunetan, 09:30etik 13:30era eta 16:00etatik 21:00etara, Bixi Bixikaneko bazkideek erabiliko dute lokala, eta asteburuetan, Txirrimorraskikoek. Bete beharreko baldintza bakarra egongo da: lokalean, gehienez, 50 pertsona egon ahalko dira aldi berean.
Txirrimorraskikoek eta Bixi Bixikanekoek begi onez ikusi dute udalak egindako eskaintza. Guraso elkartekoek nabarmendu dutenez, hemendik aurrera eguralditik babestuta egoteko lekua izango dute.
Esperientzia bera ere, aberatsa izan daitekeela uste dute gurasoek. «Bertan elkar ezagutzen ez diren ume asko batuko dira, eta euren arteko harremanak ere sendotzeko aukera izango dute».
Elkarteari dagokionez, 79 familiak eta 103 umek osatzen dute, eta ikasturte berria hasi arte, ez da gehiagorik onartuko. «Ikasturtea hasi orduko nahi duenari matrikulatzeko aukera eskainiko diogu».
Urtarrilean jardunean hasteko ilusioz beteta daude Bixi Bixikanekoak, eta aurrera begira, bazkideek ez eze, herritar guztiek parte hartu ahal izango duten hainbat ekintza egingo dituztela aurreratu dute.
Txirrimorraskiko begiraleek azpimarratu dutenez, ostera, Gabonetako Jolas Txokoaren ateak «ilusio bereziagaz» zabalduko dituzte aurten.
Jolas txokoa, doan
Abenduaren 28an hasi, eta abenduaren 29an, 30an, 31n eta urtarrilaren 4an eta 5ean, 3 urtetik 7ra bitarteko umeek jolas txokoan parte hartzeko aukera izango dute, 10:00etatik 13:00etara.
Izen ematea doakoa izango dela jakitera eman dute, eta bertan parte hartu nahi dutenek, hilaren 28an lokal berrira hurreratu besterik ez dute izango.
Umeek nahi duten egunetan joateko aukera izango dute, eta euren erara jolastu. «Umeek eurek jolasak sortzea nahi dugu, guk baliabideak eman eta horiek bideratzen lagunduko diegu».