Sarbideen kontrolaren araudia onartu du Elantxobeko udalak
Elantxobeko udalak 471.382 euroko aurrekontua izango du datorren urtean. 51. 304 euroko partida gorde du inbertsioetarako. Azaroko Osoko Bilkuran egin dute 2016ko udal aurrekontuaren hasierako onarpena, eta udalerrian irisgarritasuna hobetzeko, sarbide...
Ordenantza fiskalean zenbait aldaketa egin ditu udalak. Janire Olagibel Elantxobeko udalaren bozeramaileak azaldu duenez, aldaketa horiek egin dituzte herritarren etxeko ekonomiaren alde, eta herrian enpresa ekimen berrien sorreraren alde egiteko.
Herria berpizteko eta negozio berriak ezartzeko egiten duen apostuagaz lotuta, udalak zenbait neurri proposatu ditu: «Esaterako, herrian finkatzen diren zerbitzu edo industria-aktibitate lizentzia berriei, zerga eta obra-lizentzien tasen %50aren itzulketa, eta O.H.Z-ren kasuan %25ekoa, lehenengo bost urteetan». Hala, abandonatuta edo mantenimentu falta duten eraikin pribatuen teilatu edo fatxadak berrizteko obren lizentzietan ere gauza bera egitea proposatzen du.
Irisgarritasun neurriak
Bestalde, sarbideen kontrolaren araudian zehazten denez, Bermokizen, kanposantuan eta Portu Kalean aparkatzea debekatuta dago. Hala ere, baimen berezia dutenek aparkatu ahalko dute, eta etxebizitzetarako zamalanak egiteko gehienez bi orduko iraupena ezarri dute. San Nikolas eta Portu Kaleko plazetan ere ezingo da aparkatu. Horietan zamalanak egiteko 30 minutuko muga ezarri dute, beti ere, udalaren baimen berezirik ez badute. Era berean, ekainean, uztailean eta abuztuan, Gune Urdinetan auzotarren ibilgailuak soilik aparkatu ahalko dira.
Gainera, udalerriko farmazia ere lekuz aldatuko dute, herritarren irisgarritasuna hobetzeko.
Bestalde, autobusek buelta emateko plataformaren zerbitzuari dagokionez, garraio pribatuei kobratzea aurreikusten du udalak. «Udal langileak han egon behar du, eta lan egunetan 10 euro eta jai egunetan 20 euro kobratzea aurreikusita dago».